Aurreko egun batean telebista ikusten ari nintzela, katetik katera saltoka, polizia ingelesen telesail batean «gene gerlaria» (el gen guerrero / the warrior gene) aipatuzuten. Horrek jakin-mina eragin zidan eta telesaila ikusten jarraitu nuen. Telesailaren funtsa ondokoa zen: hamabi urteko ume batek beste ume bat hil zuen, eta defentsa abokatuak, defentsa argudio bezala, umeak bere genoman gene gerlaria zuela proposatzen zuen; hori zela haren jarrera erasotzaileak baldintzatzen zituena zioen. Ez dut gogoratzen nola bukatu zen telesaila, baina balizko gene gerlariaren jakin-mina piztu zidan. Ba ote dago horrelako generik? Egia da aspaldian, 70eko hamarkadan, bestelan batek 47,XYY kariotipoa edo Poli Y sindromea izatea eta biolentzia lotu zituela; urte batzuk geroago frogatu zuten horrelako loturarik benetan ez dagoela. Horrelako informazioak erraz egiten du salto zinemara, eta gogoratzen dut Alien 3 filmean erreferentzia egiten ziotela Poli Y sindromeari, pertsona baten arriskuaz ohartarazteko.
Balizko gene gerlari horren inguruko jakin-mina asetzearren zientzia aldizkarien datu basean sartu nintzen (pubmed) eta ingelesezko hitza jarri nuen, «the warrior gene»; nire harridurarako han agertu ziren artikulu bat baino gehiago gene horri erreferentzia egiten, eta ez bigarren mailako aldizkarietan, baizik eta punta-puntako aldizkarietan. Gene horren inguruko jatorrizko artikulua Science aldizkarian, 1993an, Brunnerrek eta haren laguntzaileek argitaratu zuten. Ikerlari taldeak familia bat deskribatzen du, zeinetako zenbait kidek jarrera erasotzaileak izan dituzten (bortxaketa ahaleginak, eragindako suteak, biolentzia…). Ezaugarri erasotzaile horiek erakusten zituztenek gizonezkoak ziren, eta atzerapen mental txiki bat edo mugako adimen maila agertzen zuten, halaber. Konturik deigarriena zera zen, ezaugarri hauek herentzia patroi bati jarraitzen ziotela; X-ari loturikoa eta errezesiboa, hain zuzen ere. Hau da, gizonezkoek ezaugarriak erakusten dituzte, baina emakumeak mutazioaren eramaileak dira, nahiz eta normalak izan. Hots, emakumeek ez dute jarrera erasotzailerik, ez adimen mugarik agertzen.
Gizonezkoen gernu analisia egin ondoren, monoaminen metabolismoan arazoa zutela frogatu zen. Gainera, arazoa MAOA genearen akats bati zegokiola frogatu zuten. Jarrera erasotzailea zuten gizonezkoek MAOA genean mutazio bat aurkezten zuten, eta mutazio horrek MAOA genearen funtzioa erabat ezabatzen zuen. MAOA genea serotonina eta dopaminaren metabolismoan parte hartzen duenez, hautagai egokia zirudien jarrera erasotzailearen azalpena izateko. Brunnerrek eta laguntzaileek ez zuten bere artikuluan gene gerlaria aipatzen eta nahiko modu apalean aritzen ziren jarrera erasotzaileak finkatzean. Ikerlari hauek argi esaten zuten azterketa eta analisi gehiago egin behar zirela genearen eta jarrera erasotzaileen arteko lotura egiteko, eta zenbait galdera eta esperimentu proposatzen zituzten beren hipotesia frogatzeko.
Urte pare bat geroago Brunnerren taldeak proposatutako esperimentua beste talde batek aurrera eraman zuen, eta sagu leinu bati MAOA genea kendu zion. Mota horretako esperimentuak oso arruntak dira biologian eta gehienetan saguetan ikusten diren ezaugarriak ere gizakietan agertzen dira, nahiz eta beti horrela ez izan, edota gizaki eta saguetan ezaugarriak maila ezberdinetan agertu.
Knockout sagu horietan (MAOA gene bakoak) gene horren gabeziaren efektua aztertu zuten. Kontua da mutazioa zeukaten sagu helduek beste ezaugarri batzuen artean jarrera erasotzaileagoa agertzen zutela; hala nabarmendu zuten ikerlariek. Beraz, bi lan hauek nahiko pisu ematen diote MAOA geneak jarrera erasotzaileekin erlazioa izateari.
Honek guztiak hainbat galdera eragiten ditu: zenbateraino dira arruntak gene honen akatsak? Mutazio hauek ezinbestean erasotzaile bihurtzen zaituzte? Patua idatzia duzu, hortaz, mutazioa baldin baduzu?
Orain ez dut lekurik, baina hurrengo batean saiatuko naiz galdera hauei erantzuna ematen.
Ezarian. Zientzia. Argialdian
Gene gerlaria?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu