Elikadura. Hazkurri kontuak

Gertukoaz elikatzea

2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Gaur, eguraldi ederra, bazkaltzen hasteko entsalada prestatuko duzu: tomate, letxuga eta tipula, denak aldameneko baratzekoak, akaso gaur bertan bilduak, inongo transgeniko, pestizida edo antzekorik ezagutzen ez dutenak. Prezioa dendakoa bera da, hau da, produktorearentzat duina.

Amets urruna zena errealitate bilakatu zaigu, zorionez, eta marea gora dator oraino EHNE sindikatuari, Biolur, Basherri Taldeak eta beste hainbat elkarteri esker; bitartekaririk ez izatearen beldurra galtzeari esker, hitz batez: ekoizleak, hilean berrogei bat euroren truk, taldea osatzen duten hogeita hamar bezeroetako bakoitzari otarka bat ortuari eramaten dio astero etxera edo toki zehatz batera. Ahal denean bezeroak nahi duena eta, bestela, baratzean dagoena nahitaez, besterik ez dagoelako.

Horri esker, baratzezainak bere produktuen salmenta eta kobrantza bermatua du, ez du zertan azkartu produkzioa, mimoz eta pazientziaz zain dezake dena, gizakiarentzat kaltegarriak diren produktu artifizialak erabili gabe, ez du soberakin ugari izango, ekoizpena planifikatzeko aukera du beti, eguraldi, bezeroaren zaletasun eta besteren arabera.

Bezeroak, bere aldetik, berak eta ekoizleak hitzarturiko prezioetan erosi ahal izango ditu bertako ortuariak, non, nork eta nola zaindu dituen zehatz-mehatz jakinik, bildu berritan eta transformazio metaboliko gutxi eginik hartuko ditu etxean. Hitzarmena urtebeterako egin ohi da.

Eta, batez ere, tarteko bizkarroi edo parasitorik ez da aberasteko besteak eginiko lanari esker, ez da monopoliorik sortuko, ez da deslokalizaziorik gertatuko (Gernikan produzitutakoa alferrik galdu behar, Peru, Aljeria edo Espainian ekoitzitakoa saldu behar delako)…

Eta baratzezainak jai egunean bezeroei ortua, haziak, landareak, azpiegiturak, loratzen ari diren landareak, hondatu direnak… erakutsiko dizkie, erabiltzen dituen metodoak eta jasaten dituen eragozpenak jakinaraziko dizkie, eta, labur, komunikazio naturala izango dute bi alderdiek, subjektuen eta produkzio-eredu iraunkor horren mesedetarako.

Ongi etorria eta urte luzetarako!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.