Astelehenean hiri senidetuen eguna izan zen, baina nire lagun batek dioenez, senidetutako hiriak aldatu egin beharko lituzke Iruñeak. Yamagutxiren ekarpena Iruñeari parke baten izena ematea da, Paderborni buruz deus ez daki eta alemaniar gutxi ikusten ditu sanferminetan, eta Kolonbiako Pamplonak gaztelerazko izena bakarrik du komunean. Baionak bai du lotura, jakina. Ikusi besterik ez dago alkandora zuri, Paul Ricarden zapi gorria lepoan duten baionar ugari datozela, denak ere umore onean.
Nire lagunaren lagunak dioenez, Mexikorekin adiskidetu beharko litzateke Iruñea, eta, beharbada, Euskal Herri osoa. Mexikorekin erro sakon ezezagunak ditugulako: Ay Jalisco no te rajes, Guadalajara, El rey, Allá en el rancho grande... Nire lagunaren lagunari oilo ipurdia ateratzen zaio pistola golkoan aholkuak emanez doan zaldunaren rantxerarekin. Hiri bat herrialde oso batekin adiskidetzea ez denez posible, ez du zalantzarik hautatzean. «Guanajuto, han jaio zelako Jorge Negrete handia».
Nire lagunaren lagunaren lagunak beste proposamen bat egin du: Bologna. Zergatik? Ez dut inoiz ikusi Bolognako planaren defentsa sutsua egiten, Bolognako saltsa ere ez zaio bereziki atsegin eta Bolognako Wu ming idazle taldearen zale porrokatua bada ere, zer erlazio du Iruñearekin? Beharbada,Polonia esan nahi zuen, Osasunan jokatu duten jokalari poloniarrak gogoan: Urban, Kosecki, Staniek, Ziober eta Trzeciak... «Ez, ez naiz erratu. Bolognan jaio zen bera, Rafaella handia». Isildu egin da hunkituta. Fenomeno harrigarria da. Batzuei telebista kate bateko lehen (eta ondorengo) urte zoldatsuak gogorarazten dizkie; beste batzuentzat festetako izarra da, nahiz eta ez den Iruñean izan.
Nire lagunaren lagunaren lagunaren lagunak dioenez, hori konpondu nahian ezkutuko batzorde bat sortu da. Italiara bidaiatu dute, Rafaella Carraren bila. Aurten pobre de mí alaiago bat nahi dute, eta Udaletxe plazan kontzertua ematea eskainiko diote. Egia izango ote da?
Sanferminak Iruñean. Nire lagunaren lagunak dioenez
Guanajuto eta Bologna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu