Martxoak 29. Washington. Estatu Batuetako Osasunaren Institutua. Isiltasuna, armaz gordetako bilera gelan. Barruan bildutakoek bi orduko epea dute artikuluak irakurri eta oharrak egiteko. Artikuluak jaso aurretik konfidentzialtasun-agiria onartu eta sinatu dute. Irakurraldia amaitutakoan, paperak eta oharrak entregatu dituzte. Suntsituak izan dira. Ezin dira gaizkileen eskuetan erori.
Espioiei eta konplotei buruzko film baten eszena bat izan zitekeen lasai asko, baina ez da. Egiaz gertatu zen, joan den martxoaren 29an, edo hala jaso du Science aldizkariaren kronikak. Saio isil harekin abiatu zen H5N1 gripe-birusarekin egindako bi ikerketaren emaitzak osorik argitaratu ala ez berriz aztertzeko bilera-eguna. «Inoiz argitaratu ez diren bi zientzia-artikulu famatuenak», esan du haietaz saioko partaideetako batek.
Irakurraldi isilari aurkezpen eta eztabaida zientifikoek eman zioten segida, bai eta «isilpeko galdeketa saioetarako joan-etorriek ere», kontatzen du Science-ren kronikak. Espioi-filmen osagai bakar bat ere ez zen falta izan. FBIko agente ohi bat eta guzti.
Egunaren amaieran bozkatu egin zuten, eta biharamunean eman zuten emaitzaren berri: ikertzaileek aurkeztutako informazio gehigarriaren aurrean, hiru hilabete lehenago eskatutakoa ezetsi, eta bi artikuluak osorik argitaratzearen alde agertu zen Estatu Batuetako Biosegurtasunaren Aholku Batzordea. Artikuluetako batek —AEBetako Wisconsin-Madison Unibertsitateko Yoshihiro Kawaoka ikertzailearenak— aho batez lortu zuen babesa; besteak —Rotterdamgo Erasmus ikerketa medikorako zentroko Ron Foulchier ikertzailearenak— kontrako sei boto jaso zituen 18tik. Hala, bada, bi artikuluak aurreikusi bezala argitaratuko dira Science eta Nature aldizkarietan, eta ikertzaile guztiek izango dituzte datuak eskuragarri; sarbidea ez da baimendutako pertsona jakinetara mugatuko.
Biosegurtasunaren Aholku Batzordearen gomendio berriak bat egin du joan den otsailaren amaieran Munduko Osasun Erakundearen bileran adostutakoarekin: ikerketak osorik argitaratzeak kalte baino mesede handiagoa egingo diola osasun publikoari. Izan ere, ikerketa horietan, bi taldeek H5N1 hegazti-gripearen aldaerak sortu dituzte mutazioz laborategian, eta ikusi dute aldaera berriak gai izan direla hudoak arnasbideetatik kutsatzeko. Arnasbideetatik kutsatzen den giza gripearen azterketak egiteko eredurik onena dira hudoak, eta, ondorioz, emaitzak kezkagarriak dira: oso mutazio gutxiren bidez eskuratu dute aldaerek gaitasuna, eta aditzera ematen dute hegaztien H5N1 birusak aurreikusi baino aukera handiagoa izan dezakeela gizakien artean gripe-pandemia eragiteko. Horregatik, garrantzitsua da gripearen zaintza-sarearen partaide guztiek izatea halako mutazio eta aldaeren berri, naturalki sortuko balira adi egon ahal izateko.
Azken hilabeteetan, baina, ikerketen ondorioek berek baino kezka eta zalaparta handiagoa piztu du emaitzen argitalpenari eta zentsurari buruzko aferak, eta errealitatetik baino fikziotik gertuago dirudien martxoko bilera hori izan da pastelaren ginga. Pastel mikatz baten ginga, nire gusturako. Mikatza zaidalako H5N1 filmak islatzen duen bioterrorismoaren mamuaren mendeko mundu izutia, filmaren amaiera erdi-zoriontsua izanagatik. Gauza bat da erabilera bikoitzeko ikerketek segurtasun-neurri eta araudi zorrotzei jarraitzea; beste bat, paranoia.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
'H5N1, the movie'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu