Luigi Manzoni Treviso herrialdeko Scuola Enologica di Coneglianoko enologia irakaslea izan zen, XX. mendeko hirugarren hamarkada amaieran: 1924. eta 1930. urteen artean, hain zuzen ere.
Haren abizena daraman Incrocio Manzoni mahatsa aurkitu edo asmatu zuen. Mahats mota esperimentala, Rhin inguruko riesling, aromatikoa, konplexua eta handia, eta artean ezezaguna zen pinot zuriaren arteko nahastea. Rieslinga aromatikoa eta bikaina den bezala, ezin da ukatu pinot zuria oliotsua, sakona eta aberatsa dela.
Esan dezakegu, beraz, pinot zuriaren konplexutasuna eta rieslingaren indar aromatikoa uztartzen dituela mahats horrek.
Luigi Manzonik hainbat esperimentu egin zituen Venetoko mahatsek eskaintzen zituzten ezaugarriak hobetzeko edo osatzeko asmoz, eta horietatik guztietatik Incrocio Manzoni izeneko hau izan omen zen baldintza egokienak eskaintzen zituena.
Ondo landuta, mahats horrek ardo konplexuak ematen omen ditu, oso aromatikoak eta zahartzeko gaitasun handikoak.
Nik, egia esan, ez dut mahats horrekin egindako ardorik, Penedesko Can Rafols del Causen El Rocallis ez bada. Mahats mota bakarreko ardoa: izugarria, handia, konplexua, borobila, orekatua eta bolumen handikoa, baina belusatua eta dotorea...
Hiruzpalau aldiz dastatu dut El Rocallis, baina onartu behar dut asteartean ohartu nintzela haren handitasunaz, Zamudion Lagatzu euskara elkarteak antolatutako dastatzean, hain zuzen.
Ardo hori egiteko mahatsek 1988an landatutako mahasti batean dute jatorria. Mahastia harriz beteta dago, eta hortik ardoaren izena, lursailetik hartzen baitu, harkaitzez betetako parajea da eta. Lurzorua kare-buztintsua eta sakonera gutxikoa da.
Edan ditudan ardo zurietatik guztiz ezberdina: zaporetsua, kontzentratua, mineraltasun puntu batekin, fina, dotorea, oso orekatua... azidotasun bikainarekin eta fruitu lehorren amaiera bikainarekin; sudurra ez du nolanahikoa, konplexua, fruta pitin batekin eta oso loretsua...
Oxigenoak mesede egiten dio, inongo zalantzarik gabe, eta tenperatura ere zaintzea komeni da, eskaintzen duen guztia ez galtzeko. Ez da komeni, beraz, asko hoztea. Nire ustetan, oso ardo gastronomikoa da, eta arrainekin eta gaztarekin bikain gerta daitekeela uste dut. Badirudi Incrocio Manzoni mahats mota hori oso gustura sentitzen dela Penedes inguruan, hantxe ematen baititu emaitzarik onenak. Aipatutako El Rocallis eta Mas Comtal upategiko Gran Angular dira nik ezagutzen ditudan mahats ezezagun horrekin egindako monobarietal bakarrak. Katalunian bertan, Costers del Segren hain zuzen, badago beste ardo bat, Cristiari, Baldomar upategikoa, Muller Thurgau mahatsarekin nahastean daramana gaurko protagonista.
Italian izaki jatorria, iparraldean, izango dira han ere mahats horrekin eginiko ardoak, baina nik ez ditut ezagutzen. Beraz, ikertzen hasi beharko dugu, ea altxorren bat aurkitzeko parada dugun. Bitartean, El Rocallis gogoan, gozatu!
Elikadura. Ardoxka
Incrocio Manzoni
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu