joxerra senar
Sanferminak Iruñean. Nire lagunaren lagunak dioenez

Izaki miragarriak

2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Lagun batek dioenez, txikitan Gaztelulekuko limoizko xanpain sorbeteaz osatutako marmitan erori zen iruindar bat omen dago hortik zehar. Obelix erromatar zenturia batekin nola, gure iruindar misteriotsua rantxerekin hala jartzen omen da. Sozietateko atmosfera izerditsua dantzaleku erraldoi bihurtzen du, eta emakume sasi-ilehori batekin batera Olivia Newton eta John Travoltaren pareko bertsio sanfermineroa osatzen dute. Dena den, edabe magikoari esker betiko dopatuta dago. Nire lagunak gaineratzen duenez, Gaztelulekuko zoru itsaskorrean hainbeste dantzatu izanaren poderioz, hormetan gora igotzeko ahalmena bereganatu du, eta entzierroak teilatu batetik ikusten omen ditu.

Nire lagun baten lagunak dioenez, sanferminetan yin eta yan barnebiltzen dituen beste morroi bat ba omen dago. Ezkerreko aldetik ikusten baduzu, Gora Eusk dioen sonbreiru batekin, plazan egon izanaren ondorioz ardo orbanak dituen oihal batekin eta sanferminak aurrera egin ahala kolore grisa hartzen hasia den janzkerarekin ikusiko duzu. Ziurrenik, dantzaka ibiliko da, ezkerreko eskua gora. Eskuineko aldetik ikusten baduzu, txapel gorri dotorea izango du jantzia, eta lisatu berria izan diren alkandorei eta galtzei darien lurrin aureola batek inguratuko du. Erdi peñakide, erdi Casino Eslavako bazkide. Jarautako eta Nabarreriako gautxori da, eta dianak jotzearekin batera korrika atera ostean, 09:00etan puntuan alpargata-dantza sekula santa galtzen ez duena.

Nire lagun baten lagunaren lagunak dioenez, Nabarreriako izkina batean den La Pulga tabernan fenomeno paranormalak ere gertatzen dira. Lekukoak ez dira ados jartzen: batzuek hirugarren kubataren bihurgunean eta beste batzuek seigarren kañaren bihurgunean, iazko sanferminetatik parranda egiten ari den tipo bat ikusi dute. La Pulgako barrunbeetako komunetan pasatu egin omen zen iaz, eta oraindik ere parrandan jarraitzen omen du tabernako atmosfera itogarrian, ilunpean, zurbil-zurbil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.