Latinetik (Venite ad me omnes qui stomacho laboratis et ego restaurabo vos: «zatoz enegana tripa-zorriak amorratzen ari zaretenok, nik suspertuko zaituztet») frantsesak hartu zuen izen erromanikoa; suspertegi poetikoa, ez jatetxea. Euskaraz, aldiz, hitz bakar eta denotatibo huts hori dugu. Berez, ordutegi zehatzetan eta saltokiaren kategoriaren (kokapen, zerbitzuaren kalitate eta erosotasunaren) araberako prezioan jaten ematen edo janariak zerbitzatzen dituen etxe, ostatu edo establezimendua da. Kategoria hori estatuan estatuko legeriak xedatzen du (sardexka bakarretik bostera) eta gida espezializatuek (Gault-Millau, Michelin, Restaurant) aintzatesten dute, zeinek bere ikurrez.
Jatetxean elikagaia aukeratzeko ohiturak 200 urte ez du oraino (2010). Lehenago, komentu, monasterio, ostatu, benta eta antzekoetan otordu aldaezina zegoen. Sukaldaritzan trebe zenak aberatsen etxean ziharduen lanean. Frantziar Iraultzak eraginiko aldakuntza sozialaren ondotik, chef haietako askok aukeratu behar izan zuten: atzerrira joan ala... Pariseko kale gorrian, 1765ean, salda eta zopak prestatzen zituen Boulanger izeneko sukaldariak restaurant (bizkortzen dute) bataiatu zituen jaki haiek, gorputz-arimaren bizigarri zirelako.
Gurean, gaur egun, dela fast food izeneko hori, dela aurretiaz edo unean bertan prestaturiko ohiko edo ezohiko janaria, hamaikatxo tokitan zerbitzatzen dira, hala nola taberna, txosna, erretegi, gastro-bar, pizzategi, zine, kiroldegi, frontoi, estadio, tren, funikular, autobus, geltoki, ibaiontzi eta itsasontzietan, hegazkin, portu eta aireportuetan, klub eta elkarte gastronomikoetan, akuario eta zoologikoetan, hotel, ostatu eta landetxeetan, okindegi, gozotegi, aterpe, asilo eta komentuetan, biltegi eta fabriketan, kantina, haurtzaindegi, eskola, lizeo, institutu eta unibertsitateetan, museo eta kasinoetan, barraka edo ferietan, errepide arrunt eta autopistetako gasolindegietan, benta eta askaldegi edo merenderoetan, txakolin eta txikierdietan, sagardotegian, upategian, kaleko orga edo karrotxoetan, restop, self eta azalera handietan, berariazko instalazio behin-behinekoetan, ospitaletako eta kaleko kafetegi, kafe-antzoki eta te-aretoetan, bistrot eta kabaretetan… denak dira jatetxe, aldez edo moldez.
Elikadura. Hazkurri kontuak
Jatetxea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu