Badira sei bat hilabete Colet-Navazos proiektuaren inguruan idatzi nuela. Gaur Veremaren webgunean irakurritakoak hura ekarri dit gogora berriz ere. Hura eta beste apardun handiak, besteak beste, Jacques Selosseren xanpain bikainak.
Zenbait zaleren ustetan, badago zerikusiren bat xanpainen eta Jerezko ardoen arteko zaletasunen inguruan. Zera esan nahi dut, xanpain zaleak askotan izaten direla Jerezko ardoen zaleak ere, eta alderantziz, noski. Beharbada, ardo arinagoak, uztartze unibertsala eskaintzen duten horietakoak, upelaren ukitua oso orekatua eta sotila dutenak, ontzearen aldetik gehiegikeria gabekoak, ukitu mineralak garden agertzen diren horietakoak... Beharbada, ezaugarri horiek guztiak partekatzen dituztelako dira batzuen eta besteen hain gogoko. Nire lagun batek esaten duen moduan, «maitemintzen duten horietako ardoak dira batak eta besteak».
Batzuen ustez, legamiak eta haien ukituak eta eraginak dira hain desberdin diren ardo horiek batzen edo lotzen dituztenak. Jerez eta Sanlucarreko ardoak gogoko dituztenek asko estimatzen dute xanpainaren kasuan botilan ematen den bigarren hartzidura, eta, ondorioz, sortzen diren ogi eta pastel usainak. Legamiak dira, beraz, «errudunak». Legamiak eta Jerezen zein Champagnen dauden zoruak, kareharriak eta albarizak; berdintsuak, azken finean.
Eta xanpain guztietatik Jacques Selosserenak izan daitezkeela Jerezko ardoen antzekoenakesatea ez litzateke gehiegikeria izango, ontzeko moduak Jerezkoen oso antzekoak baitira. Akasohortik datozkie antzekotasun horiek. Xanpain zale handi batek esaten duen moduan, Selosseren xanpainak ardo estratosferikoak dira, zailak baina estratosferikoak.
Eta Jerez eta inguruetakoen eta Champagnekoen arteko loturaz aritzen garenez, ez dut pasatzen utzi nahi Jordi Melendok Rondan (Malaga) antolatutako dastatze berezi, bitxia eta handia. Martxoaren 24an, Rondan, talde txiki eta pribilegiatu batek dastatze handia bezain bitxia egiteko aukera izan zuen: Jerez eta Champagne aldeko ardo handiak, izugarriak, historikoak. Dastatze historikoa inongo zalantzarik gabe. Jordi Melendok eta Eduardo Ojedak gidatutakoa.
Ezin ditut denak aipatu, ezta ardook eskainitakoaren laburpena egin, baina bai batzuk izendatu, eta zerrenda irakurriz pasatako inbidia onartu...
Xanpainen artean, besteak beste, Drappier Rose Brut Millesime 1964, Jacques Selosse Extra-Brut Millesime 1999, Deutz Brut Millesime 1988, Vouette et Sorbee Cuvee Fidele Extra-Brut... eta abar.
Jerezekoen artean, Amontillado Coliseo Valdespino VORS, La Bota de Fino Machanudo Alto nº7,La Bota de Manzanilla Pasada nº 20 Bota Punta, La Bota de Oloroso Viejisimo Bota No nº 14... eta abar. Izugarria.
Elikadura. Ardoxka
Jerez eta xanpain zaleak…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu