Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Literatura pantailan

2012ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Hasi du denboraldi berria Sautrela-k. Berandu hasi ere, udazkenean behar zuena negurik neguenean etorri baita. Sosa ez omen zen iritsi iaz, hala adierazi zuen Hasier Etxeberria zuzendari eta aurkezleak zapatuko berripaperean. Baina tira, dagoeneko hasi da, eta zorioneko gaude. Igande bazkalostean emango dute, nahiz danborradagatik larunbat arratsera aurreratu zuten lehen emanaldia. Erreflexu handikoa, bidenabar, egoki erreakzionatu dutelako Txillardegiren gisako figura baten heriotzaren aurrean. Txillardegiri buruzko berezi batekin abiatu zuen Sautrela-k, beraz, 13. denboraldia.

Modu horretan, osatzera etorri da aurretik egin diren saioak—luze gabe, Berria TBn oraino ikusgai den solasaldia—. Eta Juan Luis Zabala kazetariak idazle arloa azalduz bideotxo bat egin bazuen ere, falta zen alde horri buruzko lan osatuago bat, hain zuzen literaturari ere ekarri baitzion zer edo zer Txillardegik. Euskal letretako hainbat lagun bildu ziren, beraz, larunbat arratsean, pertsona eta haren obra gertutik ezagutu zutenak. Tartean ziren Joxe Austin Arrieta, Joxean Agirre eta Xabier Mendiguren. Eta nabarmendu zuten idazlearena fazeta bat gehiago izan zela, ez akaso behinena; aitortu behar zitzaizkiola aitzindari lanak —lehen nobela modernoaren egiletzat hartzen da—, baina osotasuna zuela nabarmengarri. Puzzlea gutxi-asko bete zen, hartara, larunbateko saioan.

Baina Etxeberriari irakurritako elkarrizketara bueltatuz, gauza batek eman zidan atentzioa, negatiboki: ez duela uste saioak jarraipen handirik izango duenik, hiru bat hilabete hauetatik landa. Ez da iragarpen ona. Eta galdera dator: bizi gintezke literaturari buruzko saiorik gabe? Bada, seguraski bai, beste edozein tarte —El Conquis, albistegiak, Txapeldunen Liga— galduko balitz bezalatsu. Dena den, utzidazue literatura saioen eta, partikularki, Sautrela-ren aldeko trapua astintzen. Dena ez da audientzia, dena ez da entretenimendu hutsa, dena ez da huskeria. Literatur saioa da, telebistarekiko, literatura bera dena bizitzarekiko. Eta hori zer den zehazki? Datorren igandean egin ahalegina, Harkaitz Cano izango baita gonbidatua, droga gogorra.

Goza dezagun oraingoz Sautrela-z, eta udazkenean purrustaka hasi behar badugu, hasiko gara. Ez soilik literatur saioagatik, telebista publiko duin bategatik baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.