Roberto Sarriugarte
Elikadura. Ardoxka

Maitagarrien harresia

2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Rossellonera greziarrek ekarri zituzten mahastiak Kristo aurreko VIII. mendean. Hainbat gorabehera zirela tarteko, hango ardo gozoek izen ona eta arrakasta ekarri zuten Arnau de Vilanova sendagilea XIII. mendean ardo gozoekin hasi zenean.

Garrigaz jositako basamortuan galduta eta harri lehorrez osaturiko hesi batez inguratua, Le Clos de Feesek inguru magikoa islatzen du. Ez dezagun ahatz, gainera, fées hitzakmaitagarriak esan nahi duela. Izen egokia, zalantzarik gabe, tokiak eskaintzen duena kontuan izanik.

Pikotx eta aitzurrez landatu ziren toki horretan mahastiak, harkaitzen artean azaltzen diren buztin poltsatxoetan. Mahastian zeuden harriak banan-banan kendu eta pilatu ziren. Hainbat belaunalditako mahastizainek jakinduria eta pazientzia handiz pilatu zituzten harri horiek, egun ikusten diren harresiak osatu arte.

Herve Bizeul da Clos da jabea. Somelierra, eta ez nolanahikoa, gainera, Frantziako txapelduna ere izan baitzen. Sukaldaria eta ardo eta gastronomia kazetaria ere izan zen. Haren lehen ardoak 1998an jaio ziren.

Haren hitzetan:«Gehiegi pentsatu gabe eta nire senari jarraituz, toki hau aukeratu nuen, ardoarekiko dudan pasioa ahalik eta sakonen bizitzeko asmoarekin».

Hamabost hektarean ditu sakabanaturik mahastiak upategi bitxi horrek. Aglyko haranean daude mahastiak, Tautavel eta Vingrau herrietan. Terroir desberdinak aldenduta daude bata eta bestea, eta hori da, beste gauza batzuen artean, Herve Bizeul eta Claudine senar-emazteentzat upategiaren balio azpimarragarri eta berezietariko bat.

Egiten dituzten ardoak desberdinak, bikainak eta bereziak dira: Les Sorcieres Cotes du Roussillon, Clos de Fees Cotes du Roussillon Villages Vieilles Vignes, Le Clos des Fees Cotes du Roussillon Villages eta La petite Siberie Cotes du RoussillonVillages.

Guztiak bikainak badira ere, nire arreta La Petite Siberie ardoan jarriko dut, guztietaik bikainena eta bakanena baita. Ardo hori lursail bakan bateko aukeraketaren emaitza da, 1,16 hektarean egindako aukeraketa. Garnatxaz landatuta dago lur sail hori, oso mahasti zaharrez, hain zuzen ere, hegoaldera begira dagoen mendixka bateko mahasti batean. Lursail horretan klima baldintzak muturrekoak dira, oso gogorrak. Urte osoan berrehun egunetan baino gehiagotan haize izoztu batek jotzen du mahastia, ipar-mendebaldetik datorren haizeak. Neguko zenbait egunetan ezinezkoa da han lan egitea. Inausketa berantiarra da, eta ekoizpena oso txikia. Hartzidura malolaktikoa udaberrian egiten da upel berrietan, eta ontzea ere upel berrietan egiten da. Urtarril aldera botilaratzen da ardoa, eta bi milatik beherako ekoizpena du. Zoragarria eta bakana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.