Vintaek Espainiako zortzi jatorri izenetan egiten ditu ardoak. Hainbat proiektu ditu martxan, besteak beste, Matsu, Toron.
Esan dezakegu Jose Miguel Arambarri Terrero izan zela horren guztiaren abiapuntua. Castillo de Maetierra eta Maetierra Dominum sortu zituen, eta, gero, haren semeek, Ricardok eta Jose Miguelek, proiektuan sartu, eta Vintae sortu zuten.
Eta Vintae horren barruan, besteak beste, Matsu koka dezakegu.
Jose Miguel semeak interes handia erakutsi du, betidanik, biokultura eta garapen iraunkorraren ereduaren inguruan, eta ardoaren inguruko proiektukide eta laguna duen Raul Acha enologoarekin batera, Matsu martxan jartzea pentsatu zuen.
Raul Achak oso ondo ezagutzen ditu Toroko mahastiak eta lurrak. Eta, horrela, inguru hartako mahastirik onenen bila hasi ziren, betiere mahastizaintza biodinamikoa buruan zutela.
Matsu hitzak itxaron, zain egon, esan nahi du japonieraz, eta proiektuaren izaera ederki definitzen duela esan daiteke. Naturala, purua, sinplea eta artifiziorik gabea da, Gaztelako ardo tradizioa omentzeko. Metodo naturalei erabat jarraituz egiten dira Matsuren ardo guztiak.
Ardoztatze prozesu osoa itxarote bat dela esan dezakegu, amaierako oreka lortu arteko itxarote bat.
Matsu upategiak trilogia bat atera du, ardoen trilogia: El Picaro, El Recio eta El Viejo.
Trilogia horrekin mahastizainen hiru belaunaldi irudikatu nahi izan dituzte. Izena eta izana. Ardo bakoitzari jarritako izenak ardo horren izaeraren berri eman nahi du, hau da, ardoaren ezaugarriak islatu nahi ditu.
Irudiak erakusten duen moduan, El Picaro indartsua eta ausarta da, lotsagabea eta kontrolaezina. El Recio izenekoak gaztetasunaren ahalmena eta zahartzaroaren eskarmentuak batzen ditu, lasaitasuna, sosegua, indarra eta iraunkortasuna adierazteko.
El Viejo izenekoak, berriz, betetasuna eta jakituria erakusten ditu. Zaharrak hain ondo ezagutzen duenez, lurreko elementuen mintzaira oso ondo ulertzen du.
Horrez gain, Matsu 2006 edizio mugatuan merkaturatu zuten, bere jaiotza gogoratzeko. Edizio berezi eta errepikaezin horri jarraipena emango diote merkatuan, eta ardo hori El recio de Matsu izango da.
Ardo horrek bilduma osoaren balioak batu egiten ditu, ardo bakoitzaren ezaugarri eta izaera biltzen dituela, alegia.
Naturarekiko zorra ordaintzeko edo, Matsuk bere irabazien %0,7 ingurumen proiektuetara bideratzen ditu.
Matsu ardoen itxura, botilaren itxura, ardoaren antzera, sotila baina oso deigarria dela esango nuke, eta barruan dagoenarekin lotura egiteko, oso aproposak, oso egokiak direla. Bela Adler eta Salvador Fresneda argazkilariek egindako argazkiek janzten dituzte Matsuren ardo botilak.
Kanpotik ederrak dira, eta barrukoa ere benetan gozagarria dute. Eta, ekonomia aldetik, jasaten ari garen garai latz hauetarako oso egokiak dira, gainera.
Elikadura. Ardoxka
Matsu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu