Plazaratzear dagoen Elikadura Hiztegi marduletik atera dugu aste honetakoa ere.
Otoitz batzuetan (adibidez) agertzen den bezala, janaria eta ogia sinonimo izan dira euskaraz eta beste hizkuntza askotan, bai hiztegian eta bai mahaian ere: mendez mende ogiaz ia bakarrik elikatu izan da gizakia gurean ere, eta horrek agerpena izan du eguneroko hizkeran. Arrozarekin eta artoarekin beste horrenbeste gertatzen omen da Asia eta Amerikako hizkuntza anitzetan: zereal horiek eho, irina xigortu edo labean erre eta era horretan moldaturiko torta edo taloa izan da elikaduraren ardatz, hazkurriaren oinarri. Ogia ez ezik, beste zerbait ere jango zuen jende xeheak (barraskilo eta karramarroak, hegaztiren bat, erbikia…) baina osagai horiek hutsaren hurrengoa izango ziren elikabidean. Hortxe geratu zaizkigu, adibidez, otordua (ogi edo jateko ordua), otseina (ogi sein edo zerbitzaria), ogibidea (jana lortzekoa), oturuntza, otamena (ahamena), opea eta opila, otaldia, otarrea (ogia garraiatzeko saskia), ogipekoa (morroin, neskame, zerbitzaria), etab.
Hitzaren hedaduraren lekuko bat: umeen hizkeran papa esaten zaio euskaraz hitz egiten den eskualde zabal batean.
Baina, gure ustez bederen, ogia izen orokorra izan da aresti arte: lekuan lekuko izena hartu du eta, areago, berariazko ogiak egin eta kontsumitu izan ditugu Euskal Herri txiki honetan ere.
• ogi zakarra, ituina, nahaskaria, zenporra;
• ogi zuri fina, opea, txoiña; olata, eliz ogia,
•bizkaiera zaharrean errarie; zubereraz, kaolla;
• errauspetan erretakoa, sutopila, sorgina;
• eskaleari ematen zitzaiona, ate-ogia;
•gorpuaren aurreko 13 haur-ogiak dira hileta-ospakizunekin lotutakoak.
•biribila, otana, otaza, etxe-ogia edo etxeko ogia,
• ohiko biribil baino txikiagoa, pamitxa (Bizkaia, Araba);
•integrala, tremesa, zahi edo birzahia, bizilloia, (Bizkaia, Gipuzkoa) eta (h)erresa (Goi Nafarroa).
•harrotu, hartzitu edo jaiki ez dena, ailisa.
•artirinezko ogia, artoa eta mestura (Nafarroa, Lapurdi).
•fresko, galirinezkoak baino gutxiago irauten zuen eta batzuetan legamiarik ez zuena, artabera (Gipuzkoa), arto zara (Bizkaia), arto opilla (Nafarroa).
Elikadura. Hazkurri kontuak
Ogiaren izenak, gurean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu