Zutabea irakurtzerako hilaren 14a bada ere, atzo ostirala 13a zen, herrialde anglosaxoietan madarikatua den data. Ideia zoroei ez diet inoiz jaramonik egin, baina laguna asaldatuta etorri zait. «Gazteluko plazan, Taconeran, Gaztelugibelean... Zonbik inguratu gaituzte! Hilda ziruditen, baina jaiki egin dira, eta oso modu arraroan mugitzen eta hitz egiten dute...». Lagunak ezpainak irakurtzen dakienez, fonema solte batzuk transkribatu ditu: «K...lim...txo».
Nire lagunaren lagunaren arabera, gaua izugarriagoa izan da. Hamabietan, gauerdiaren iluntasunean, banpiro hordak ikusi ditu. Banpirook ez datoz Vlad II Draculen leinutik, James Cooken leinutik baizik. Ilehoriak dira, iturrietatik jauzi egitea atsegin dute eta sangria litroka edaten dute. «Sangria Don Simon, gainera!», oihukatu dit lagunaren lagunak. Bai, zinez izugarria.
Nire lagunaren lagunaren lagunak, berriz, bihotza saihetsetatik ateratzear du, beldurraren beldurrez. Kaldererian kontzertu batean zegoela, fenomeno harrigarri bat gertatu da. Abeslariak kamiseta kendu du, eta haren atzetik gainontzeko guztiek. Ilea besterik ez duten bularrak erakutsi eta uluka hasi dira. «Li... li... likantropoak!».
Nire lagun baten lagunaren lagunari gaueko ordu txikietan Jarautako tabako kearen eta bestelako kearen kontenplazioak Londresko Whitechapel eta Jack Tripa-urratzailea ekarri dio gogora. Hotzikara batek astindu du beltzez erabat jantzitako pertsonaia bat antzeman duenean zelatan. «Tripa-urratzailea baino gehiago, poltsiko urratzailea zen».
Nire lagunaren lagunaren lagunaren laguna, hura bai, erabat izututa dago. Amesgaiztoa izan du. Freddy Krueger agertu zaio ametsetan, eta haren mehatxua bete da egunez: «Ana Obregon zegoen kalean!», bidali dit SMS bidez. Ostirala 13 denez, Jason baino pertsonaia ikaragarriagoa ere ikusi du: Fernando Sanchez Drago!!! Ez naiz superstiziosoa, baina baratxurien plazara jo dut, eta baratxuri korda bat lepoan dudala bueltatu naiz etxera. Badaezpada ere.
Sanferminak Iruñean. Nire lagunaren lagunak dioenez
Ostirala eta hilaren 13a
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu