Azken urteotan famatu ugari bildu da ardoaren mundura: kirolariak, aktoreak, telebistako jendea, musikariak, moda diseinatzaileak eta baita nobleziakoak ere.
Asko eta asko dira upategiak erosi eta upategi jabe bihurtu direnak, mundu osoan. Euskal Herrian ez dut ezagutzen halakorik, baina egongo da kasuren bat seguru.
Abentura horietan sartzen diren guztiak ez dira arrakastatsu ateratzen, baina jendearentzako oso erakargarria izan daiteke Antonio Banderasen upategiko edo Joan Manuel Serraten upategiko ardoa dastatzea.
Katalunian, Serrat, Lluis Llach; Galizian, Jose Luis Cuerda zinemagilea, Roberto Verino moda diseinatzailea; Espainian, Banderas, Butragueño, Imanol Arias, Emilio Aragon... Zerrenda asko luza daiteke: Bob Dylan, Gerard Depardieu, Cliff Richard, Cristopher Lambert, Olivia Newton John, Sam Neill, David Beckham, FrancisFord Coppola zinema zuzendaria...
Baina, gaur, Alain Delon jarriko dugu ikusmiran; eta ez upategi bat erosi duelako, ez, baizik eta duela egun batzuk bere ardoak saldu dituelako Parisko enkante batean.
Mila bat botila saldu zituen, 250.412 euroan, hain zuzen ere, espero zen kopurua bikoiz-turik.
Ardoak 209 sortatan saldu zituzten, eta benetako balio enologikotik oso gora ordaindu ziren, gainera. Ez da oso azkarra izan behar pentsatzeko Alain Delonen izenak izango zuela eraginik prezio ero horiek ordaintzeko orduan.
Jende asko bildu omen zen enkantera Alain Delon bera ikusteko irrikaz, baina hura bidaian omen zebilen, eta ez zen joan enkantera. Jakin-minez, asko bildu ziren, eta baita erosleak ere. Besteak beste, txinatar aberats bat, Txinatik espresuki enkantera joandakoa; sortarik garestienetakoak erosi zituen, gainera.
Botila bakoitzak jatorria adierazten zuen etiketa bat zeraman; eta, nola ez, saltzailearen sona handiko izena ere bai.
Prezioen eromena ulertzeko, adibide bat jarriko dugu: Cheval Blanc Saint Emilion-eko Grand Cru: 6 botila 9.000 euroan ateratzeko zirenak 20.000 euroan abiatu ziren enkantean. Chateau Latour Paulliac-eko Premier Cru 1982ko sei magnum 13.750 euroan; eta 1982ko Chateau Lafitte lau botila 4.375 euroan abiatu ziren...
Oso ondo ulertzen ez dudana zera da: Alain Delonek zergatik saldu zituen ardo izugarri eta bikain horiek guztiak... Diru beharra ote duen, edota sendagileek ardoa edatea debekatu ote dioten. Ez dakigu, baina hainbeste poztu duen Raxoiren garaipena, bederen, ezinizango du ardo handi horiekin ospatu.
Elikadura. Ardoxka
Pertsona ezagunak ardoaren mundura biltzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu