Nire laguna suminduta dago. Hemingway berpiztu dela entzun du TVEren emankizunean. Hemingway ez, Gaspar erregearen antza duen morroi bizardun bat atari berean egoten da goizero. Geldirik. Nire lagunak dioenez, esne saltzailearen zain dagoela ematen du. Ez dio ezer txarrik opa, baina zezen batek ezustekoren bat ematea merezi duela dio. Probabilitate kontua da inoiz zezen batek toki horretan estropozu egitea, eta alboetara begira jarriz gero, zuhurra izateari utziko diola uste du. «Zuhurkeria? Zer zerikusirik du?», galdetzen diot, eta hark erantzun: «Balkoi batean egoteagatik 40 euro ordaindu beharrean, doan lehen lerroan ikusi nahi izaten duelako».
Nire lagunaren lagunak dio bidegabeak garela, ez dela lehen lerroko ikusle bakarra. Haren ustez, hainbat izen hartzen dituen gaixotasun edo sindrome batek jota daude asko eta asko. Nire marrazki superheroi gogokoena Plastic man zen sindromea, edo Mortadeloren modura mozorrotu nahiko nuke sindromea edo Nafarroako jota ezagunaren omenez, horman gora doan huntza izan nahi nuke sindromea. Nire lagunak dioenez, sindrome horrek beti arrazoi bakar bati erantzuten dio: «Burugabekeria».
Nire lagunaren lagunaren lagunak madarikatu egiten ditu Hemingway... eta Spike Lee. Zuzendari estatubatuarrak aspaldi kirol marka ezagun batentzat egindako iragarki batek erakarrita datoz asko eta asko. Zezenaren arriskuaz guztiz jabetuta korrika egiten duenak bost axola dio, baina gainontzekoek gogaitu egiten dute. Pedagogia egiten saiatzen da, eta denetariko erantzunak jaso ditu. «Iraken odol gehiago ikusi nuen», esan zion behin batek arriskua gutxietsi nahirik.
Nire lagunaren lagunaren lagunaren lagunak ondorioztatu du nerabezaroan jarraitzeko erritual gisa hartzen dutela batzuek. Beste batzuek errealitatea eta fikzioa bereizteko arazo larriak dituzte. Hiri sarreran Welcome to Toroland irakurtzen dute, eta uste dute Iruñea jolas parke bat dela eta zezenak atrakzio bat direla .
Sanferminak Iruñean. Nire lagunaren lagunak dioenez
'Welcome to Toroland'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu