Koldo Aldabe.
Analisia

Aiete Bruselan ere bada

2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Jonathan Powell Europako Legebiltzarrean izan da Aieteko Adierazpena azaltzen, Donostiako Nazioarteko Konferentziaren ondorioen eta garapenaren eta Euskal Herrian bake iraunkorra sortzeko esfortzuen gainean eztabaidatzeko Europako Legebiltzarreko Greens-EFA parlamentari taldeak eta Basque Friendship-ek antolatutako jardunaldian. Jardunaldian Euskal Herriko hainbat alderditako ordezkariak ere izan dira, baita Suitzatik, Irlandatik eta Flandesko parlamentutik joandakoak ere. Gainera, duela egun gutxi, Frendship-ek berak bere egin zuen Aieteko Adierazpena.

Brusela izan zen, baita ere, Brian Currinek 2010eko martxoaren 29an aukeratu zuen lekua, europar hiriburuaren izena daraman Adierazpena ezagutarazteko. Adierazpen horrek, Bakearen Nobel saria irabazitako hainbat pertsona ezagunek babesturikoak, markatu zuen ondoren nazioartetik Euskal Herrira begira egin diren ekimenen bidea.

Alegia, Bruselako adierazpenaren bigarren urteurrenarekin batera iritsi da Aieteko Adierazpenaren aurkezpen «europarra». Aietekoarekin alderatuta, Bruselako Adierazpenak apala dirudi; ezker abertzaleak «bide soilik politikoen alde» egindako hautua txalotu zuten sinatzaileek, ETAri alde bakarreko eta erabateko su-eten egiaztagarria aldarrikatzeko eskatu zioten, eta Espainiako Gobernuari ETAren balizko aldarrikapen horri «erantzun egokia» emateko. Hori gabe, ordea, —eta horren ondorioz Euskal Herrian egin diren alde bakarreko urratsik gabe— ezin dira ulertu bi urteotan Euskal Herriko gatazkak izan duen bilakaera eta nazioarteak egin dituen urratsak.

Horren emaitza da iazko urriaren 17an Donostiako Aiete jauregian egin zen nazioarteko konferentziaren ondoren Kofi Annanek, Bertie Ahernek, Gro Harlem Bruntlandek, Pierre Joxek, Gerry Adamsek eta Powellek izenpetutako adierazpena, bakerako, berradiskidetzerako eta gatazkaren konponbide demokratikorako egun adostasun handiko bide orri bihurtu dena.

Egia da bide orri horren lehenbiziko pausoa bete dela soilik, ETAri eskatu zitzaiona; Espainiako eta Frantziako gobernuen urratsak falta direla; biktima guztien onarpena, konpentsazioa, egin zaien kalte guztia onartzea eta zauri pertsonal eta sozial guztiak sendatzen ahalegintzea falta direla; alderdi, sindikatu eta gizarte eragileen arteko elkarrizketa politikoak falta direla... Bosgarren puntu bat badu, ordea, Adierazpena izenpetu zutenen prestasuna aurreko puntuen jarraipena egiteko. «Batzorderik» ofizialki ez dute osatu, baina ezin liteke esan ezer egin gabe daudela. Powellen atzoko parte-hartzea, esaterako horren adibide da; baina baita ere Ahernen bisitak edo Adamsek egiten duen jarraipena.

Bai, nazioarteak begia jarri dio Euskal Herriari, eta atzoko moduan, Europako Legebiltzarreko Basque Friendhip taldea, Aieteko nazioarteko pertsonalitateak, Harremanterako Nazioarteko Taldea, Flandesko, Suitzako, eta Irlandako legebiltzarkideak... elkarlanean ari dira bake iraunkorra ekarriko duen konponbide demokratikoaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.