jon olano

Akordio baten hiru ondorio

2020ko maiatzaren 21a
16:28
Entzun

PSOEk taula politikoan kolpe bat eman du azken orduetan, Unidas Podemosek eta EH Bilduk Lan Erreforma indargabetzearen inguruan lortutako akordioak nahiz hitzarmen hori argitaratu eta hiru ordu eskasera PSOEk eginiko ñabardurak. Akordioak jokalekuak zabal ditzake Madrilen, baina itunaren eragina berehalakoa izan daiteke euskal politikagintzan ere.

Akordioaren edukiaz harago, aldagai ugari mugiaraz ditzakeen ondorioak sor ditzake atzoko sinadurak. Batzuk, Madrilera begira: PSOE Ciudadanosekin flirteatzen hasi den asteotan, Unidas Podemosek EH Bilduren Troiako zaldia sartu dio Sanchezen gobernuari. Ciudadanos PSOErengandik uxatzeko antidotoa izan daiteke indar subiranista; separatistek betetzen duten espazioan, lekurik ez nazionalista espainiarrentzat. Baina pasatuko da izurria, eta bidean konfiantza falta handiegia utziko du PSOEk legealdi oso bat kudeatzeko; saio bakarrean balizko bazkide ugari haserretu ahal izan ditu: ERC —Ciudadanosi men egiteagatik—, EH Bildu —akordioa hiru ordura aldatzeagatik—, eta Ciudadanos —EH Bildurekiko ituna ezkutatzeagatik—.

EAJrentzako abisua ere izan daiteke atzoko hitzarmena; EH Bildu sustatuta, euskal mintzakidetzaren monopolioa ken diezaiokete PSOEk eta UPk EAJri, eta auzitan jarri euskal agendatzat jo daitekeenaren eta EAJren agendaren arteko bat egite ia osoa. Etorkizuneko negoziazioetara begira, bi eskaintza izateak merkatu lezake bakoitzak kobratu nahi duen prezioa.

Baina, batez ere, ikusteke dago atzokoak nolako eragina izan dezakeen uztailaren 12ko hauteskundeetan. Pieza handia ehizatu du EH Bilduk akordioa sinatze hutsarekin: indar subiranistaren siglei lotuko zaie Mariano Rajoyren gobernuak ezarritako lan erreforma bertan behera utzi —edo lehentasunetan jarri— izana, kalean mobilizazio jendetsuak eragin zituena. Eta, batez ere, egunotako markoa aldatu du, hain lokaztua zaion joko zelaia —pintaketak, kondena, gatazkaren kontakizuna— bigarren mailan utzi eta fokua ezkerreko politika publikoetan jarrita; lorpen bat, 52 egun falta dituen lasterketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.