Ostegunetik larunbaterako jauzia egin dute Apian. Bertako gobernuak ordua aurreratzea erabaki du, eta 24 orduko tartea jan dio egutegiari. Egun bat desagerrarazi egin du: ostirala. Aste honetako ostegunabukatu, eta larunbata hasi da bertan.
Ostegunera arte Samoako hiriburuan Sydneyn baino 21 ordu gutxiago ziren. Australiako hiriburu ekonomikoan goizeko bederatziak zirenean, eguerdiko hamabiak zituzten Apian, baina egun bat lehenago. Hogeita lau ordu aurreratuta, hiru ordu aurretik ibiliko da orain Apia. Bertan eguerdia denean goizeko bederatziak izango dira Sydneyn. Aussie-ak ohetik jaiki berriak izango dira, fresko-fresko. Haiekin negozioak egiteko tenore egokia. Samoak AEBekin merkataritzan aritzeko aldatu zuen ordua, duela 119 urte. Orain business gehienak Australia, Zeelanda Berria eta Txinarekin egiten ditu. Horixe izan da aldaketaren arrazoia. Apiatik Sydneyra 4.338 kilometro egongo dira beti, baina denbora-distantzia murriztu egin da elkarrekin hobeto lan egiteko: ostegunean 21 orduko aldea zuten; gaur, hiru.
Distantzia geografikoak ezin dira aldatu; denborarenak, bai. Gogoa da kontua. Euskal Herriko politikaren geografian distantziak handiak dira zenbait kasutan, eta orduak ere bai. Horrek guztiak aurrera egitea oztopatzen du. Nolakoak dira EAJren eta UPNren arteko geografia-distantzia eta denbora-distantzia? Zer ordu agertzen du Antonio Basagoitiren erlojuak? Eta Rufi Etxeberriarenak?
EAJren eta Amaiurren arteko distantziek zer esana eman dute asteon. Espainiako Kongresuan eraikuntza nazionalaren alde lan egiteko prest ote dagoen argitzeko eskatu dio BBBko buru Andoni Ortuzarrek Amaiurri. Hori argitzeko, baina, lehenik eta behin eraikuntza nazionala zer den zehaztu beharko litzateke. Suposatu egiten da EuskalHerriaren eraikuntza nazionala izango dela —edo batzuen Euskadi —. Pentsatu ere egin liteke eraikuntza nazional hori Euskal Herrian gusturago sentitzeko proiektua izango dela, ez euskal herritarrak Espainian gusturago egoteko—EBBko buru ohi batek horixe proposatzen zuen—, azken aukera hori Espainiaren eraikuntza nazionala indartzea izango litzateke eta.
Azaroaren 20ko bozen ondoren jeltzale batek esan zuen Amaiur nahasmena dela, ikuspuntu anitzetako jendea, ordena itxurarik ematen ez duena. Amaiur, berez, koalizioa da, eta logikoa da pentsamolde diferenteak izatea, baina berdintasunek eta helburu komunek diferentzia horiek baino eragin eta ondorio askoz handiagoak dituzte. Koalizioa horretaz jakitun da, eta alde horiek lantzen dabil.
Baliteke EAJ urduri egotea Ajuria Enearantz begira. Ulergarria da diskurtsoa klabe abertzalean sakontzen saiatzea, baina Amaiurri kontuak eskatzea nagusikeriaz jokatzea da. Ezker abertzaleak apustu garbia egin du borroka politikoa modu baketsuen bidez eramateko, independentzia helburu. Amaiur subiranotasunaren aldeko lanean ari da. Noraino heltzeko prest dago EAJ?Ahots eta norabide argia du? Izan ere, Amaiur ordenarik gabeko lagun multzoa dela diotenek Marx anaien ganbara dute Sabin Etxean. Armairua ireki eta hortxe ageri dira nahasian: Gipuzkoako independentistak, Arabako subiranistak , Bizkaiko autonomistak, Bilboko autonomista-erregionalistak … Gutxi balitz bezala, bada alderdiaren barne hauteskundeen prozesuari gardentasun demokratikoa ukatu dionik. Ez da hori bozetatik aterako den zuzendaritza berriari ongietorria egiteko modurik onena.
Ez da inori lezioak eman edo elkarri kolpeka hasteko garaia, denbora-distantziak murrizteko baizik, elkarrengana hurbiltzeko. Zer egin, horixe gakoa: ordua atzeratu edo aurreratu. Zertarako, argi egon beharko litzateke: ez AEBekin edo Txinarekin negozioak egiteko, eraikuntza nazionalaren alde egiteko baizik. Ez Samoan, ez Australian, Euskal Herrian baizik.
Darwin eta gu
Apian, apika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu