Maite Asensio Lozano.
Analisia

Atzera, atzeraino

2012ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Baikorregi zebiltzan, antza, baldintzen legera itzultzea aurreikusten zutenak. Atzera egin nahi du Espainiako Gobernuak, 1985eko Abortuaren Legea baino atzerago. Europan atzeraino helduko da, muga pentsaezinak gaindituz, haurdunaldiak eteteari buruzko araudi murriztaileena ezarri nahi baitu PPren gobernuak, emakumeak hitzik gabe utziko dituena, beren gorputzaz erabakitzeko eskubiderik gabe, eta, ondorioz, beren bizi proiektuen jabe izateko aukerarik gabe.

Aurpegirik kontserbadore, sexista eta patriarkalena erakutsi du Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak, abortuaren auziaren harira. Lehenik, ama izan nahi duten andreen aurkako ustezko indarkeria egiturazkoaz mintzatzean, bere gobernuak amatasunerako laguntzak murrizten dituen bitartean —aitatasuna oraindik ez du aipatu—. Ondoren, «benetako emakume» izatea «amatasunerako askatasunarekin» lotzean, agian konturatu gabe askatasun horrek ama ez izateko nahia betetzeko aukera barneratu beharko lukeela.

Orain, malformazioak dauzkaten fetuei buruz ere erabakitzeko ahalmena kendu nahi die andreei, mendekotasunak dituztenek eskubide berdinak izan ditzaten, mendekotasunerako laguntzak eta laguntzak kentzen dituzten bitartean. Etikaz eta giza eskubideez ari dela, hausnartzekoa litzateke zein zaintza, heziketa eta bizi-kalitate izango duen mendekotasun handia duen ume batek, gurasoak hura zaintzeko prestatuta ez badaude, edo baliabiderik ez badaukate.

Zigorren beldur klandestinitatean egon arren, normalizatuta eta legitimatuta zegoen jarduna arautu zuen 2010eko legeak, gizarteak zein nazioarteko hitzarmenek onartutako eskubidea. Bada, kontrako bidea egiten ari da PPren gobernua, eta horrek arazo bat dakar: ibilitakoa ezin dela ezabatu, eta atzerantz ibiltzea arriskutsua dela. Ibilitako horretan euren eskubideen jabe bihurtu dira andreak, eta horrek ez du atzera bueltarik, bereganatutakoari uko egitea zailagoa ez ezik, frustragarriagoa ere badelako. Haurdunaldia ezkutuan etetera itzultzea, fetuak arazo larriak izanda ere gurasotasunera behartzea eta emakumeei beren bizitza antolatzeko gaitasuna ukatzea ere etikoki onartezina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.