Koldo Aldabe.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boz jarioa

Aurreikuspenen balioa

2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Soziologoak ikertzaile pribatu baten antzera jokatu behar du. Bere ikerketa egin, eta agindu dionari eman. Gero arduratuko dira haiek jasotako informazioa moldatzen, atontzen eta komeni zaiena nabarmentzen, ez zaiena ezabatzen eta komeni zaien moduan orrazten. Alegia, hasierako ikerketak ez du, derrigorrean, amaierako emaitzarekin zerikusirik izan behar. Baina hori ez da ikerketa egin duenaren errua. Boto asmoaren gaineko inkestak argitaratzen direnean, horixe da lehenbiziko galdera. Egoki lan egin al du ikertzaileak? Zenbateraino errespetatzen da ikertzailearen lana?

Atzo hasi zen hauteskunde kanpaina, eta egun hori aproposa izan ohi da inkestak argitaratzeko. Gauzak une horretan nola dauden jakiteko, alderdiek emaitzei nola begiratzen dieten ikusteko, urriaren 21eko emaitzei begira apustuak egiteko... Askorako ematen dute, baita lerrook idazteko ere.

Bat ez, bi inkesta plazaratu ziren atzo Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako boz asmoei begira. Lehena, Aztikerrek egina Gara egunkarirako eta Naiz.info gunerako (kanpainak dirauen bitartean egunero berrituko dituzte emaitzak). Bestea, Espainiako CIS etxeak egindakoa. Biak hartuta, bi datu esanguratsu: indar abertzaleen nagusitasuna eta PSE-EE eta PPren gainbehera iragarri dute biek. Eta beste bat: lau koloreko legebiltzarra uste bazen ere, beste kolore bat ere izango du: Ezker Anitza ageri da lau alderdi nagusiekin batera. Ez da harritzekoa atzo Mikel Aranaren alderdiak agertutako poza; euren buruari talde propioa izatekojarritako erronka ez zen boutade bat. Hiru eserleku ere iragarri dizkiote.

Hortik aurrera, bata bestetik urrundu egiten dira emaitzei dagokienez.

Aztikerren ikerketan, EAJ ageri da irabazle (26 eserleku); EH Bilduk gertutik jarraitzen dio (22); PSE-EEk asko egingo du behera (14) eta PPk ez du alderdi espainolisten artean nagusigoa lortuko (11); Ezker Anitzak bi aulki eskuratuko ditu.

CISen arabera ere, EAJ gailenduko da (27), EH Bildu bigarren indarra izango da (21-22), PSE-EE hirugarrena (14), PP laugarrena (9-10) eta Ezker Anitza bosgarrena (3).

Lurraldeka nabariagoa da bi ikerketen arteko aldea. Aztikerrek garaile jotzen du EAJ Araban eta Bizkaian, eta bigarren indarra Gipuzkoan. Horren arabera, EH Bildu bigarren izango da Araban eta Bizkaian eta lehena Gipuzkoan. CISen arabera, berriz, EAJk Bizkaian irabaziko du, bigarren izango da Araban, eta baita Gipuzkoan ere; EH Bildu, berriz, lehena izango da Araban eta Gipuzkoan, eta bigarrena Bizkaian. Hortik ere ondorio argi bat ateratzen da: indar abertzaleak hiru lurraldeetan nagusi izango dira, eta lehen bi alderdiak abertzaleak izango dira lurralde guztietan.

Kanpainaurrean nagusitu den eztabaidetako baten inguruan ere galdetu du, bestalde, CISek: independentziaz. Emaitzak ezin estuagoak izango dira, haren arabera: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %41,5daude independentziaren alde, eta %42,6 aurka.

Inkesten balioaz sarri galdetzen da. Alderdi politiko handiak aspaldi ez dira kezkatzen hedabideetan argitaratutakoez; eurenakdituzte, eta horiek dira baliagarriak, ikertzailearen zuzeneko datuak dituztelako, galbaherik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.