Politikak ausardia eskatzen du. Alderdi politiko bateko presidente izan, gobernu bateko kontseilari izan edo prozesu subiranista baten buru izan, boterea nahieran maneiatzen duen estatuari aurre egin nahi bazaio, ezinbestekoa da ausardia. Euskal Herrian azken egunetan ikusi ditugu ausardia muturrera eraman ez duten biren adibide desberdinak, baina oso kasu desberdinak biak ere. Batean Arantza Quirogak garesti ordaindu du bere ausardia, eta atzera egin du, dimisioa emanda. Bestean Nafarroako Gobernuaren ausardia falta Imanol Haranburuk ordaindu du; kontua ez baita, Mendoza kontseilariak dioen moduan, izendapenak Hezkuntza Kontseilaritza jomugan jartzen duen, baizik eta Haranburuk beste edozein profesionalek dituen eskubideak dituen eta kontseilaritzan euren burua babesteagatik irakasle bat saldu duten. Legezko erabakiak defendatzeko ausardia behar da.
Aro politiko berri bat hasteko behar den ausardiaren eredua aurkitzeko Kataluniara begiratu behar. Artur Mas presidenteak epaitegiaren atarian aginte makilez eta kantuz inguratuta utzi duen irudia ausardiarena da. "Ez du beste aukerarik", pentsatuko du baten batek. Baina ez da hala. Beti dago atzera egiteko aukera, gordetzekoa; presio eta mehatxuen aurrean iazko galdeketa bertan behera utz zezakeen Masek ere. Baina ez zuen egin, eta epaitegian izan da deklaratzen, iazko azaroaren 9an hautetsontziak ipintzeagatik, kalean ez, ohiko hauteslekuetan baizik. Ausardia muturrera eramateak ez du zertan muturreko erabaki bat izan behar, aro politiko berri bat hasteko beharrezkoa den neurriko erabakia baizik. Politika egiteko beharrezkoa da.