Joseba Azkarraga Etxagibel.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Begiradak

Azala eta muina

2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Badator aldaketa. Abertzaleak hasiak dira garaipena ukitzen hatz puntekin. Igande loriatsutik aurrera, desafioak erraldoiak izango dira.Hasteko, bozen osteko astelehenean euskaradunak jarraituko du bitxikeria izaten euskararen herrian. Euskal komunitatea erdigunean jartzen duen ororentzat bistakoa da euskararen ibili herrena. Muina, euskara eta horren dinamika ebolutiboa alegia, ez dator bat azal politiko-elektoralarekin (autopsiarako frogak egiaztatzera heldu gabe ere).

Lurrikarek ere bi plano izaten dituzte. Epizentroa, batetik: lurrikararen lurrazaleko gunea. Hipozentroa, bestetik: lurrikara gertatzen den lurpeko gunea, Lurraren bihotz-erraietan gertaturiko haustura (horrek eragin ohi du kanpoan astindua). Ba Epik azaletik dio: «Badator handitasun politiko-elektorala». Hipok, muinetik: «Hazkorra da txikitasun kulturala». Politikari irabazleei, gomendio xumea: abertzaletasun garailea eta euskaltasun galtzailea eskutik doazen leku batekoak izatea, horixe uxatu beharrekoa.

Epik dio lurrikara ekonomikoa egundokoa dela. Hipok berriro sakonetik, munduaren eztenkadak ugariak direla eta ezinbestean goazela eskasia handiagoko mundura, kolapso finantzarioaz gain bestelakoek astinduko baikaituzte oraindik bortitzago, eta prozesua hasita dago: energiaren krisia, klima aldaketaren kolosoa, ekosistemen hondatze masiboa, baliabideen agortze hazkorra... Krisiak jota dago kapitalismo globalaren erreprodukzioa bera.

Epik: «Hazi ezean, zulora goaz. Gehiago kontsumitu behar dugu ekonomia estimulatze aldera». Hipok: «Haziz gero, zulora goaz. Gutxiago kontsumitu behar dugu planeta birrindu nahi ez badugu eta kolapso erabatekoa eragin». Aterabideak integrala beharko du. Ezin zaio ekonomiari heldu gainontzeko kolosoak ahaztuz, eta emergentzia (ekonomiko) nazionala deslotuz emergentzia global planetariotik.

Nago posible dela irabazleak gogobiltzea muinean: ekonomia errealaren defentsa, euskal sistema finantzario errotua, energia matrize berria (berriztagarria), egitura produktiboan jauzi teknologikoa, bakegintza, hizkuntza politika optimoa, eta kohesio soziala. Jakina, estatu egiturak asko lagunduko luke poshazkundearen aro berriari ganoraz erantzuteko zereginean.

Garaiak badu epikotik asko. Nola egin, hondoratzen ari den ordena bihur ez dadin infernu deabruzkoago. Zer egin, eskasia modu injustuan eta misil bidez banatuko duen mundu autoritarioagoa saihesteko. Nola asmatu, gurean behera egitea izan dadin hobera egitea, justuagorantz egitea, «asko daukatenei gehiago eman» gaurko lelotik urruti. Are, bihurtuz poshazkundea pozaren hazkunde.

Inoiz baino gehiago, politikariek zein herritarrok begiak muinera lerratzeko unea bizi dugu, azalera bainoago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.