Historiaren filmoteka osatzen hasi gara. Nor bere aldetik. Filmen oinarria errealitatea den —izan zena gogoratzeko— edo fikzioa —izan ez zena asmatzeko—, horixe eztabaida. Filmak egiten hasi gara, baina baliabideak ez dira berdinak guztiontzat. Batzuei ukatu egiten zaie lan hori egiteko modua. Haien errealitatea pantailaratzea galarazi nahi diete mehatxuen bidez: erakunde publiko batek 9.000 euroko laguntza ematea talde politiko bat legez kanpo uzteko arrazoia izan daiteke. Itsulapikoa atera beharko dute kalera zinema zuzendariek 9.000 euro lortzeko? Jende aurrean diru hori eskatu edo ematen duten lagunak ere legez kanpo utziko dituzte?
Biktimak gogoratzeko garaiak ditugu, biktima guztien sufrimendua, baina batzuek bi mailako biktimak nahi dituzte. Badirudi alde batekoen sufrimendua beste aldekoena baino handiagoa dela, biziagoa. Sentimendua ezin da kuantifikatu, neurtu; ez dago oinaze merkaturik hura kiloka saldu eta erosteko. Hala ere, baten batzuk besteen sufrimendua gutxiesten saiatzen ari dira. Beste horien sufrimenduari ez diote kalitate labela ematen.
Sufrimenduaren monopolioaz jabetu nahi dute. Sufrimendu gordinena eurena edo euren aldekoena baino ez da. Besteen sufrimendua ia-ia zehar kaltea da, PPko ordezkari politiko bat esatera ausartu denez. Ikusi besterik ez dago nola kontatzen ari zaigun historia. Batzuek hilketak egin dituzte; beste batzuek, ordea, gehiegikeriak. Alde batean sadismoa dago; bestean, hutsegite hutsak. Hor ez dago indarkeriarik, ez da existitu ere egiten. Ez dago nahita eragindako hilketarik; ez dago aldez aurretik diseinatutako politika errepresiborik. Gehienez ere, abusuak izan dira. Dokumental batean ikusi dugu: pertsona bati buruan bederatzi tiro jotzeari gehiegikeria deitzen badiote, zer gertatu beharko da hilketa bati hilketa deitzeko?
Hamaika aldiz gogorarazi digute alde batekoek xanpainarekin ospatu dituztela hilketak; menu berezia eskatu dutela kartzelan, haien aldekoen armek bizitza bat errotik moztu dutenean. Halako irudiekin osatzen ari dira historiaren filmoteka. Alde bateko biktimak omentzeko lanak eta ekitaldiak ugaltzen ari dira. Besteen oinazearen berri emateko saioak urriagoak dira, eta hamaika oztopo dituzte bidean. Besteen sentimenduak azaltzeko egitasmoak mugatu nahi dituzte. Alde batekoen kexua besterik ez dute onartzen; besteena, ez. Besteen alde humanoa azaltzea delitua da. Besteak munstro agertu nahi dituzte. Haiei buruzko edozein aipamen neutral zigortzeko arrazoia izan daiteke. Arrigorriagako plazan Argalaren gorpuari agur militarra egin zioten guardia zibilei terrorismoa goratzea leporatuko liekete gaur.
Bi aldeetatik begiratuta, filmoteka aberatsa osatzeko adina lan emango luke gatazka espainiar-frantsesak. Zenbat film egin litezke! Ez soilik bonba-autoek eragindako triskantzei buruz. Zenbat film egin litezke kuartel eta komisaria barruko irudiak zuzendari ausart batzuen eskuetan egongo balira. Biktimen testigantzak ez ezik, borreroenak ere kontuan hartzekoak izango lirateke pelikula edo dokumental horietan. Hainbat kezka eta galdera etiko azalduko litzaizkiguke, batzuek atentatuak xanpaina edanez ospatu dituztela esaten dugunean bezalaxe: frankismoak fusilatutako militanteen hiletetara joaten ziren poliziek euren lagunen hiletetan ere janzten zituzten kolore biziko gorbatak? Zer sentitzen zuten demokraziako poliziek kartzelan hildako presoaren lagun eta senideei oldartu eta hilkutxa lurrera botatzen zuten bitartean Bilboko kaleetan? Arratiako etakide historikoaren aita atxilotu eta mendeku hutsez torturatu eta gorputza ubelduta utzi ziotenek zer afaldu zuten gau horretan? DGSen egoitzan atxilotua gorputza lehertu arte torturatu zutenak bingora ala kabaret batera joan ziren gatibua hil eta gero? Estatuko segurtasun indarretako kideek erekziorik izan ote zuten emakume hura makila batekin bortxatu zuten bitartean komisariaren zigorgabetasun ilunean?
Darwin eta gu
Bederatzi mila arrazoi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu