Azpiegiturak. Bilboko hegoaldeko saihesbidea. Analisia

Beste garai batzuetarako

inaki petxarroman
2011ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Larunbatean irekiko dute Bilboko hegoaldeko saihesbidea. Supersur izenarekin bataiatua, kasu honetan superlatiboa ez da ahoberokeria. Euskal Herrian inoiz egindako errepide azpiegiturarik garestiena da, alde handiarekin, gainera. Errepidearen 17,8 kilometroko tartea eraikitzeko 900 milioi euro gastatu dituzte —inbertitu, esaten diote agintariek—. Konparazio baterako, Donostiako bigarren saihesbidearen 16,7 kilometroko tarteak 300 milio euro kostatu zuen, eta Eibar-Gasteiz AP-1 autobidearen 46 kilometroak egiteko 800 milioi behar izan zituzten.

Kilometro bakoitzeko 45 bat milioi euroko kostua izan du autobide berriak, gutxi gorabehera. Europako Batasunean autobide kilometro bat eraikitzeak zazpi milioi euro balio du, batez beste. Alegia, Bilbo inguruan zabaltzera doazena Europako autobiderik garestienetakoa da, garestiena ez bada.

Ingurumenean egindako kalte handia alde batera utzita, supersur-en lan erraldoiak eragin itzela dauka krisia gogor jotzen ari den erakundeen kutxetan. Behi gizeneterako pentsatu eta egindako autobidea da. Eta behiak argaldu direnean eman beharko zaio jaten. Bidesarien inguruan politikarien artean azken hilabeteotan izan den ika-mika—funtsean, nola finantzatu behar den autobidea— horren isla bat baino ez da, azken finean.

Gauzak horrela, pobreziari eta gizarte bazterketari aurre egiteko ia lau urtean erabili ohi duen diru bera xahutu du diputazioak autobide erraldoi hau egiten. Zahartzaroan direnei laguntzeko sei urterako adinako aurrekontua izan du ingeniaritzaren maisulantzat jo duten azpiegiturak. Errekorren Guinness liburuan agertzeko moduko balentria bat egin dute, segur aski, Bizkaiko agintariek. «Ze ikusgarria!», pentsatuko dute, akaso, bertatuko direnek. Baina iritsiko da eguna zeinean agintariren batek galdera honi erantzun beharko dion: osasun eta hezkuntza publikoari eusteko adina diru ez dagoela etengabe esaten ari diren garaiotan, nola liteke herritarren dirua gastatzea Europako autobiderik eta abiadura handiko trenik garestienak egiten?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.