Emakumeen aurkako indarkeria. Hilketa Hernanin. Analisia

Bidaia luzea

inaki petxarroman
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Rosario Roman labankadaz hil duten tokitik hamar bat metrora, Hernaniko taxi geltokiaren ondoan, emakume baten bikotekide ohiaren erasoari aurre egin zion gizonezko bat hil zuten duela bi urte, tirokatuta. Oraindik ere sarritan loreak izaten dira zuhaitz batetik zintzilik Eduardo Benitez gaztearen oroimenez. Aurrerantzean, bat ez, bi izango dira lore sortak. Bi indarkeria matxistak utzitako biktimak, ia toki berean, bi urtean. Latza, eta esku artean gizarteak duen arazoaren neurriaren adierazlea.

Romanen eta haren ustezko hiltzailearen inguruko hamaika kontu agertzen ari dira egunotan komunikabideetan, horrelakoetan ohikoa den moduan. Putrea harrapakinari nola dabiltza hainbat hedabide, kasua ulertzeko behar ez diren zehaztapenak ezagutarazten, morbo amuak uretaratzen. Esaterako, hildako andreak bikotekide ezberdinen hiru seme-alaba zituela, edota ustezko hiltzailea ekuadortarra dela.

Roman emakume izateagatik hil dute. Azken urteotan tratu txarrak pairatu ditu behin baino gehiagotan, eta gutxienez hiru aldiz jarri ditu salaketak ustezko hiltzailearen aurka, nahiz eta biktimak berak jarri eta gutxira kendu. Biktimaren ahizpak aitortu du ziur zegoela erasotzaileak hil egingo zuela. Iragarritako heriotza bat izan dela, alegia. Beste bat. Ustezko erasotzaileak berak aurrekariak zituen genero indarkeriagatik, Romanekin ez ezik, beste andre batzuekin ere.

Gauzak horrela, atentzioa ematen du ustezko hiltzaileak Poliziaren inolako zaintzarik ez izateak, eta, kalean, biktimarengandik gertu ibiltzeak soinean labana bat zuela. Argi utzi du heriotza honek ere administrazio guztiek badutela asko hobetzeko arriskuan diren emakumeak babesteko.

Baina indarkeria matxista ez da lau ero edo mozkorren kontua. Indarkeria matxista gizarte eredu patriarkalaren ondoriorik ankerrenetako bat da. Eredu horretan oinarritzen da gizarte antolaketa, eta sustrai sakonak ditu gutako bakoitzarengan. Hala, bakarrik heziketa lan luze eta sakon baten ondorioz egin dakioke aurre. Gizon eta emakumeei—bereziki emakumeei— aske izateko eta jabetzeko tresnak eta oinarriak eskainiz, bizitzaren arlo guztietan: lanean, harremanetan, familia eta gizartea antolatzeko moduetan. Bidaia luze horretan atzokoaren moduko tragediak gertatuko dira. Baina bakarrik bidaia hori egiteak, kontzienteki eta konpromiso osoz, bermatuko du, etorkizunean, edozein gau ilunetan, kale erdian, emakume bat hilotz ez erortzea gizon baten biktima.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.