Pello Urzelai.
Euskal presoak. Abokatuek balorazioa. Analisia

Denbora faktorea

2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak denbora luzea eman du zigorrak luzatzeko 197/2006 doktrina ezarri zaien presoen helegiteak aztertzen. Denbora luzeegia babes helegitea onartuta aske gelditu diren hiru presoentzat, guztira hamahiru urteko zigor erantsia bete dutelako. Auzitegi Konstituzionalak egungo statu quo ez aldatzea hobetsi du, Parot doktrinaren funtsa —zigorra zenbatzeko irizpide aldatua, zigorra betikotzeko xedearekin— bere horretan utzita. Soilik salbuespen gisa kasu gutxi batzuk aintzat hartu dituzte. Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak talka egin du garai berriarekin eta euskal gizartearen itxaropenarekin. Borroka armatuaren zikloa amaituta, urteetako gatazka baten ondorioei irtenbideak eman behar zaizkienean, berriro indarkeria ziklo bat ez errepikatzea lortu behar denean, ez dauka zentzurik zigorrak luzatzeko estrategiari eusteak.

Auzitegi Konstituzionalean gehiengoak joera aurrerakoia duela kontuan hartuta, ildoaren azalpena ezin da juridikoa izan. Bide erosoena hartu dute, boterean dagoen PPrekin ika-mikarik sortzen ez duena, Bildu auziarekin bizi izan zuten jazarpena—edo infernua, magistraturen batek esan bezala— saihesteko asmoz. Azkenean, PPk presoekin mugimendurik ez egiteko ildoaren arrastoari lotu zaio Auzitegi Konstituzionalaren erabakia.

Jarrera horrek esan nahi du Sorturen auzian ere Auzitegi Konstituzionalak antzera jokatuko duela? Badirudi ezetz. Sorturen kasuan, bide erdia egina dute Bilduren aldeko erabakiarekin, eta errazago dute koherente jokatzea. Horrez gain, nolabaiteko babes politikoa dute Sorturen alde egiteko, Kongresuko gehiengoa (PP, PSOE, CiU eta EAJ bat etorrita) Bildu eta Amaiur legez kanpo uzteko ekimenaren aurka agertu delako. Beraz, epe laburrean Sortu legeztatzea ekarriko duen erabakia espero daiteke.

Laster sei hilabete beteko dira Aieteko Adierazpena sinatu zenetik eta ETAk bere erabakiaren berri eman zuenetik. Aieteko Adierazpenean argi esaten zen Espainia eta Frantziako gobernuek elkarrizketa zuzenei heldu beharko zietela. Alderdi sozialista ez zen ausartu mugimendu publikorik egitera, hauteskundeak gainean zeudelako. PPk mugimenduak egitea nahi izango balu, ez luke eragozpen handirik. Baina ez mugitzea hobetsi du. Ez dago argi zenbat denborarako. PPren aurrekariak eta ezaugarri ideologikoak kontuan hartuta, ez da harritzekoa gogortuta ikustea iraganeko jarreretan. Ehun egun denbora gutxi da jarrera aldatzen behartzeko. Hala ere, ezin da esan PP immunea denik euskal gizartearen presioetara. Elkarrizketari uko egiten jarraitzea edota presoen egoera hobetzeari uko egiten jarraitzea gero eta zailago egiten ari zaio. Obsesionatuta dago egoera berrian Amaiurrek ordezkatzen duen aukera politikoa lortzen ari den oihartzunarekin eta arrakastarekin. Izan ere, arrakasta hori eragoztera bideratutako estrategia diseinatzen ari da. Besteak beste, multzo independentista hazi eta indartzea eragotzi nahi duelako.

Beraz, ondoriozta daiteke PP saiatuko dela ahalik eta mugimendu positibo txikiena egiten, tentsioak sorrarazteko multzo independentista horretan, batez ere, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen aurretik. Ordura arteko denbora ongi kudeatzea da Amaiurreko alderdien erronka nagusia, eta, bereziki, ezker abertzalearena. Hauteskunde horietako mugarrira egoera onean iritsiz gero, mugimenduen katea azkartzea eskura izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.