Analisia

Erreakzionario bat Moncloan

jon olano
2017ko urriaren 21a
14:53
Entzun

“Ez dugu autogobernua desegin, elkarbizitzarako berreskuratu baizik”. Mariano Rajoyk horrela defendatu du Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpena eta haren gerizpean hartu dituen neurriak. Egia osteaz hitz egiten da garaiotan, baina Madrilek hartu dituen neurriak defendatzeko erabilitako argudioez duela 36 urte idatzi zuen Albert O. Hirschmann ekonomistak.

Erreakzioaren erretorikak liburua idatzi zuen 1991n Hirshmannek, azaltzeko kontserbadoreek, egoerak egoera, argudio berdintsuekin egiten zietela aurre aldaketa prozesuei. Narratiba erreakzionario horiek hiru bloketan bereizi zituen: maltzurkeria, hutsalkeria eta arriskua.

Hirurak erabili ditu gaur Rajoyk bere prentsaurrean eta azken asteetan: Kataluniako Parlamentuak onartutako Erreferendum Legeak eta Trantsizio Juridikorako Legeak eta Generalitatearen neurriek bizikidetza apurtzen dute (maltzurkeria), independentismoak ez ditu bere helburuak lortuko Espainiak tresna guztiak erabiliko dituelako hori saihesteko (hutsalkeria; alferrik ari da Generalitatea) eta prozesu subiranista arriskuan jartzen ari da suspertze ekonomikoa.

Errelatoa dago jokoan, eta, testuinguru horretan, merezi du Samuel Huntingtonek -zibilizazioen talkaz hitz egin zuen politologoak- estatu kolpeez emandako definizioa: “Koalizio politiko disidenteak gobernariak euren kargutik kentzeko egiten duen ahalegin ez-legitimoa, biolentziaren edo bere erabileraren mehatxuaren bidez”. Koalizio politiko disidenteak, Kataluniako Parlamentuan gutxiengoa duten C's, PSC eta Ppk, Kataluniako gobernariak euren kargutik kentzeko egiten duten ahalegin ez-legitimoa, biolentziaren edo bere erabileraren mehatxuaren bidez (Espainiako Konstituzioko 8. artikulua: “Indar Armatuek (...) eginkizun hauek dituzte: Espainiaren subiranotasuna eta independentzia bermatzea, eta lurralde-osotasuna eta Konstituzioaren araberako ordenamendua zaintzea”).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.