Energia nuklearra. Garoñaren itxiera. Analisia

Eta Raxoi?

inaki petxarroman
2011ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Garoñako zentral nuklearraren etorkizunaren inguruan Auzitegi Nazionalak ebatzitakoa baino garrantzitsuagoa izan daiteke Mariano Raxoi Espainiako PPko lehendakariak buruan daukana. Eta orain arte jendaurrean agertu duen jarrerari eusten badio, hauteskundeak irabaziz gero, Garoñak irekita jarraituko du. Argi hitz egin izan du Raxoik horri buruz, gobernuak 2009an zentralaren itxiera agindu zuenez geroztik.

Aurten, Fukushimako (Japonia) hondamendi nuklearraren ondorioz, Europa osoan energia atomikoaren aurka zabaldutako olatua ikusita, ez dabil hain hiztun Espainiako oposizioko burua. Hala ere, gaiari buruz iritzia kazetarien aurrean azaldu zuen azken aldian —Iruñera egindako bisita batean, hain zuzen ere— hauxe adierazi zuen: «Betiko lekuan gaude. Teknikariek eta Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN) diotenari jarraitzeko prest». Eta zer esan du CSNk? Bada, Garoñako plantak 2019ra arte martxan jarrai dezakeela segurtasun sistemetan doitze batzuk eginda. Alegia, Raxoik 2019ra arte luza dezakeela Euskal Herriko mugan den zentral nuklear horren jarduera.

Zapateroren gobernuak 2009an agindu zuen Garoñako zentrala ixteko, baina tranpa txiki bat egin zuen: aurten itxi beharrean (zentralak 40 urte bete dituenean) 2013rako agindu zuen itxiera.Hala, bere esku ez dagoen faktore bati eman dio azken erabakiaren giltza: Espainiako Parlamenturako hauteskundeen emaitzei. Eta hurrengo bozak irabazteko faboritoa Mariano Raxoi da. Beraz, galdera hau da: zer egingo du Raxoik? Zeren Fukushiman gertatutakoak egoera aldatu du, baita nuklearzale sutsuenentzat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.