Urtebete ere ez du iraun UPNren eta PSNren arteko gobernu koalizioak. Krisi ekonomikoak irentsi du, baina ez horrek bakarrik. Iazko foru hauteskundeetan, eskuina gehiengo osorik gabe gelditu zen. Gobernua osatzeko bi aukera zeuden: UPN-PSN akordioa edo gehiengo aurrerakoiaren akordioa (PSN, Nafarroa Bai, Bildu eta Ezkerra). PSNk lehen bidea aukeratu zuen, aurreko legegintzaldiaren estrategiari jarraipena emanez. Baina UPNk eta PSNk jauzi bat egin behar izan zuten, gobernu sendo bat izateko ez zelako nahikoa alderdi sozialistak kanpotik sostengatzea. Gobernu sendoa behar zuten krisi ekonomikoari aurre egiteko, eta oposizio abertzaleari aurre egiteko, Bildu denborarekin indartuz joango zela aurreikusita. UPNren ikuspuntutik, koalizio gobernua eustorma bat zen abertzaletasunaren alternatiba galgatzeko. Eustormak, baina, ez zuen oinarri sendorik eta erori egin da.
Porrot honen atzean, egoera ekonomikoaren bilakaerarekin batera, hainbat faktore daude: eskuinaren hegemonia eta gobernatzeko ereduaren porrota, PSNren kontraesanak, alternatiba bat osatzeko baldintza berrien agerpena eta gobernuaren neurri murriztaileen aurkako presio edo erantzun soziala.
Gobernu krisia ez da bat-batean iritsi. Egosten joan da, azken hilabeteetan. Nafarroako foru komunitatearen finantza egoeraren okertze etengabeak eta horren kudeaketa txarrak azkartu egin dute haustura. PSN apirileko kongresuaz geroztik hasi zen prestatzen ziaboga.
Dagoeneko, hausturak ez dauka atzera bueltarik. Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariak egungo egoera luzatzearen alde egin du, PSNri akordiorako eskaintza eginez. Alferrik. Barcinak bi aukera ditu: gutxiengoan gobernatzen saiatzea edo hauteskundeak aurreratzea. Lehenengo aukeraren alde mintzatu da, baina kontuan hartu behar da Nafarroako Parlamentua une honetan desegingo balu hauteskundeak abuztuan egin beharko liratekeela eta hori zentzugabea da. Itxaron beharko du egutegi egokia hurbildu arte.
PSNk, berriz, lankidetzaren garaia amaitu dela argi utzita, bi aukera ditu: oposizio gogorra egitea edo zentsura mozioa aurkeztu eta gobernu alternatiboa osatzea. Lehenengo aukeraren ildotik izan dira Roberto Jimenezen lehen hitzak, besteak beste, kontuen inguruan ikerketa batzorde baten eskaera iragarri duenean. Baina oposizioan PSNk arazo bat du, sinesgarritasun gutxi duela eta Nafarroa Bai eta Bildu oposizio trinkoagoa egiten ari direla. Gainera, PSNk pentsa lezake hauteskundeak aurreratzen badira kaltetuta aterako dela, hots, orain baino okerrago egongo dela, benetako lehiatik (UPN/EH Bildu) kanpo geratuko delako. Horregatik, zentsura mozioaren aukera ezin da baztertu. Aurkeztekotan, ekaina eta uztaila liteke garairik aproposena, UPNk hauteskundeak deitu ezin duen garaian. Zentsura mozioaren bidez zein hauteskunde aurreratuen bidez, eustorma erorita, bestelako egoera bat posible da Nafarroan.
Nafarroako Gobernuaren haustura. Analisia
Eustorma erori egin da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu