Asier Etxenike.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Begiradak

Gobernatzea

2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Herri bat gobernatzea administrazio bat kudeatzea baino gehiago izan da beti. Orain hiru urte, D3Mren legez kanporatzea baliatuta eta Ibarretxeren garaipenari muzin eginez, PSEk eta PPk EAEn aldaketa politikoa eragiteko sinatu zuten gobernu paktua (Pacto por las libertades delakoa). Bazirudien, sigletatik haratago eta beraien marko ideologikoaren barnean betiere, aldaketa politiko sakon bat eragingo zutela. Hiru urte geroago, zalantzan jartzen dut beraiek nahi zituzten aldaketak ere lortu dituzten. Ezarritako hainbat aldaketa zehatzetan (EITBren kolonizazioa, hiru eleko hezkuntza eta bakerako hezkuntza plana kasu) ezerezean gelditu dira. Eta gai potoloetan sekulako gaitasun falta erakutsi dute; bai krisiari aurre egiteko baita Bake Prozesuan lidergo politikoa eskuratzeko ere. Ordaina aurreikus daitezkeen hauteskunde emaitzak izango dira.

Urriaren 21etik aurrera beste batzuek gobernatuko dute. Lehendakaritza eskuratzen duen hautagaiak lehen aipatutako bi erronka nagusi horiek edukiko ditu mahai gainean. Alde batetik, eredu ekonomiko oso baten krisiari erantzutea. Bestetik, krisi ekonomikoak berak indartuta akaso, baina nagusiki Estatu Espainiarraren barruan dauden gogo independentistak eraginda, Estatuaren egitura edo arkitektura politikoa krisian da. Jada Estatuaren berregituratzearen beharra mahai gainean dago, eta hor, gutxienez katalanek eta euskaldunok (EAEkoak zein NFEkoak) zeresan handia izango dugu. Lehendakari denari proposamen propioekin erantzutea tokatuko zaio.

EAEko hauteskundeetan pasako denari begira daude Kataluniatik eta Estatutik. Ez da kasualitatea. Lehen aldiz lehenengo bi indar politikoak abertzaleak edota independentistak dira. 2010ean EAJk Batu Gaitezen erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimena aurkeztu zuen. Amaiurrek ere antzeko proposamenak egin izan ditu. Proposamen horiek zintzoak baldin badira, orain ez dago aitzakiarik ideia horiek ez garatzeko. Legebiltzarraren ia bi herenak abertzaleak izanik, zergatik ez aliantza politiko bat ezker independentista eta EAJren artean? Independentzia eskuratzeko ez bada, sikiera erabakitzeko eskubidearen alde. Beraien esku egonik hegemonia politikoa, beraiek markatuko lituzkete erritmoak. Zerk eragotziko lieke aurrera egitea? Argi daukat hauteskunde lehian EAJri ez zaiola komeni galdera horiek modu argian erantzutea. Hala ere, bizi garen une politikoa kontuan izanik, ezin da anbiguetatean gelditu. Hauteskunde egunean zeren alde bozkatzen dugun jakiteko garrantzitsua litzateke gutxienez indar abertzaleen batasunerako proposamenak indarrean diren edo ez argitzea.

Kontziente naiz herritar gehiengo baten lehentasun premiazkoa krisiari aurre egitea dela. Nola ez da izango ba norberaren irautea bermatua ez badago! Premia horiei erantzun behar zaie, eta urgentzia handiz; bereziki egoera txarrenetan dauden sektoreei irtenbide duinak eskaini behar zaizkie. Baina epe erdi-luzean enplegua sortzeko, industria politika eraginkor bat bideratzeko, zerga sistema justu bat ezartzeko, lehen sektore duin bat edukitzeko, euskara normaltasunez bizitzeko… Euskal Herriarentzat subiranotasun ekonomiko eta politikoa ezinbestekoa da. Hori gabe, espainiarren arazoek gureak bilakatzen jarraituko dute. Eta, horretarako, Lehendakaritzan kudeatzaile huts bat baino gehiago beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.