Euskal diasporaren ordezkariak elkartu dira aste honetan Donostian. Agintariek, haien lana goraipatu, eta gure herriaren ahotsa mundu zabalean hedatzen segitzeko eskatu diete. Komenigarria da nondik gatozen jakitea; eskubide hori dugu, eta beharra ere bai. Dena den, aurrera egin behar da, bizitzak jarri gaituen lekuan eta denboran. Euskal diaspora hor dago, baina lagun horiek joan egin ziren, eta gehienak ez dira itzuliko. Euskal Herriaren etorkizuna ez da Boisen jokatuko, Bilbon, Iruñean edo Baionan baizik. Uste dut garrantzi handiegia ematen diogula kanpoan dagoen diasporari, eta txikiegia geurean dugun diasporari. Partida etxean jokatzen ari da, baina badirudi ez garela konturatu. Eta partida etxean jokatzen denean batzuetan zailagoa da irabaztea, erlaxatuago ateratzen garelako zelaira, aurrean dugun taldeari kasu handirik egin gabe edo, are okerrago, hura ondo identifikatu gabe.
Der Spiegel aldizkariak Alemanian bizi diren etorkin turkiarrei buruzko erreportajea kaleratu berri du. Honelaxe dio artikuluko sarreran: «Duela 50 urte etorri ziren lehen etorkin turkiarrak. Beste etorkin batzuek bezala, haiek ere seme-alabak eta bilobak izan dituzte, baina belaunaldi gazteetako kide askok arazoak dituzte Alemanian. Hezkuntza, identitatea eta perspektiba falta zaizkie».
Guri ere perspektiba falta zaigu. Noiz hasi ziren euskaldunak Ameriketara joaten? Orain mende bat baino gehiago. Noiz hasi ziren etorkin gehienak Euskal Herrira heltzen? Duela 50 urte. Hala ere, soilik azken urteotan gurera azaldu diren etorkinei buruz mintzo gara sarri. Euskal ikuspegi nazional batetik begiratuta, hemen dauden etorkin bakarrak ez dira Boliviatik edo Marokotik etorriak. Hala irizten dionak pentsamolde espainiarra du buruan. Boliviarrak baino lehen beste etorkin batzuk etorri ziren. Horiek etxeetan pilatuta bizi ziren Otxarkoagan —euskaldunak Idahoko etxaldeetan bezala—, baina haien bilobek, horretaz ahaztuta-edo, barre egiten diete orain baldintza beretan bizi diren azken etorkinei.
Kontua ez da nor noiz etorri zen, nork duen eskubidea eta nork ez. Eskubideak —eta beteharrak— denok ditugu. Kontua da zer gertatu den duela mende erdi Euskal Herrira iritsitako etorkinen ondorengo ez gutxik oraindik euren burua euskal nazioaren barruan ez kokatzeko, gure proiektua ez sentitzeko. Hemen —onartu edo ez; ohartu edo ez— denok gara proiektu baten parte aktiboa edo pasiboa: abertzaleok Euskal Herria dugu xede; espainiar kosmopolitek —barkatu etena, barreari eutsi ezinik nabil eta—, Espainia. Argi esanda: mesede handiagoa egiten dio euskal proiektu nazionalari Mikel izeneko umea D ereduko eskola publikora bidaltzen duen herritar boliviar euskaltzaleak Miguel izeneko umea hiru eleko eskola pribatu modelnora bidaltzen duen euskal herritar erdaltzaleak baino. Eztabaida soilik azken immigrazioaren eremura mugatu nahi dutenak oker daude —edo zuzen, ikuspegi espainolista batetik—. Auzia sakonagoa da euskaldunontzat. Izan ere, hemengo turkiarrak geure eremura etorrarazi ez baditugu, zer egin behar dugu hori behingoz lortu eta, gainera, azken urteotako beste etorkinak ere erakartzeko?
Inor ez dadila asalda hemengo turkiarren metafora aipatu badut. Ni ere turkiarra naiz jatorriz.
Hala ere, Andaluziako Gobernutik inoiz gonbidapenik iristen bazait, hango etorkinen ondorengoei zuzendutako kongresu batean parte hartzeko, ezezko adeitsu baina biribilaz erantzungo diet. Eta esango diet gustatu egiten zaidala Andaluzia —udako beroaldietan izan ezik—, baina ez daitezela kezkatu diasporaz, bikote andaluziar baten semearen ustezko herriminaz. Kezkatu daitezela han dauden andaluziarren bizi-baldintzak hobetzeaz. Hori egin dezatela. Ni hemengoa naiz, eta berdin egingo dut hemengo herritar guztien alde, turkiarrak izan edo ez.
Darwin eta gu
Hemengo turkiarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu