Aitziber Laskibar Lizarribar.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boz jarioa

Herriaren zaintza

2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Kanpaina erdian bete dira sei hilabete Iñigo Cabacas gaztea hil zela, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jota. Zaratarik gabe igaro da eguna politikarien artean, auziak mahai gaineratu zuen eztabaida kanpainan oharkabean igaro den bezala: zein polizia eredu nahi du herriak?

Herriaren zaintza. Horixe esan nahi du Ertzaintzak. Hortik datorkio izena. Herriaren, herritarren zaintzaileak behar dute izan ertzainek. Baina urteen joan-etorriak argi utzi du EAEko polizia sortzeko garaian zaintzaileek jarraitu beharreko ereduari buruz zeuden bi ikuspegi ia kontrajarrien artean zein izan zen garaile.

Ertzainek jaurtitako pilotek herritarren begiak nola eraman dituen ikusi da; protesta baketsu gehiegitan herritarrak nola jipoitu dituen; atxilotuak nola inkomunikatu dituen eta zenbat tortura salaketa jaso dituen. Eta, zergatik ez esan, horrela jokatzeko izan duen babesa, inpunitatea, zigorgabetasuna. Joan diren urteetan, baina baita gaur egun ere. Alfontso Zenon abokatuaren auzia da horren lekuko. Ertzaintzak 2010ean Ondarroan atxilotu zituen bederatzi herritarrek salatutako torturak gaitzesteagatik, epaiketaren zain dago abokatua. Tortura salaketak, artxibatuta.

Segurtasunaren izenean eskubideak noraino urra daitezkeen erabakitzea da muina. Azken urtean zer pentsatu eman duen eztabaida. Duela urtebete Kukutza husteko Ertzaintzak erabilitako gehiegikeria erakusten zuten irudiek piztutako txinparta, jakina, itzali ezineko su bihurtu zuen Cabacasen heriotzak: zer-nolako polizia eredua behar da?

Inpunitateak inguratu zuen Cabacasen heriotza ere. Iluntasunak. Ezkutukeriak. Sei hilabeteren ondoren, ez dago erantzule zuzen izan daitezkeenen berririk. Arduradun politikoa litzatekeen Herrizaingo sailburuak ostrukarena eginda utzi zuen kargua hauteskunde kanpainan buru-belarri sartzeko, inolako ardurarik bere gain hartu gabe eta gertaerari argi izpirik eman gabe.

Bai, Ertzaintzak gomazko pilotak erabiltzeari utziko ziola esan zuen; «behar-beharrezko kasuetan» soilik erabiliko zituela. Baina duela hiru asteko greba egunean Bilbon gazte batek begia galdu zuen ia, pilotakada baten ondorioz. Europan Espainia eta Portugal ez beste estatu guztiek debekatuta dauzkaten pilota horietako batek larri zauritu zuen Xuban Nafarrete gaztea Gasteizen, martxoaren 29ko greba egunean.

Edozelan ere, haratagokoa izan behar du hausnarketak. Gakoa ez da pilota mota bat edo bestea erabiltzea, poliziaren oinarria erasoa edo prebentzioa izatea nahi den baizik. Herritarrek polizia bere zaintzailetzat hartzeko bideari ekitea edo ez. Zeren ez litzateke normaltzat hartu behar zaintzaileak herritarrei lasaitasuna eragin beharrean beldurra eragitea. Are gutxiago egungo une politikoan; bakegintzari begiratu nahian ari direnean, bizikidetza hitzetik hortzera dabilenean.

Indarkeria guztiak alboan uzteko momentuan gaudela sutsu defendatzen dute alderdi politiko eta eragile guztietako ordezkariek. Baina Ertzaintzak ere erabiltzen du bakea, normalizazioa eta bizikidetza kontzeptuekin talka egiten duen indarkeria.

Bada, kanpainan, gizarte ereduarekin lotura estua duen gaiari buruz eztabaidatzeko aukera galdu dela dirudi, apenas entzun baita bakoitzak defendatzen duen polizia ereduari buruzko proposamenik.

Modu bitxian, zeharka plazaratu du gaia EAJk, denda txikien defentsarako egindako ekitaldi batean. Kontsumoa sustatzearen alde egin zuen Iñigo Urkulluk Portugaleten aurreko astean. Denda guneak «erakargarri» egin behar direla azaldu zuen, eta «kale seguruak» behar direla horretarako. Kalean ertzainen presentzia areagotzea proposatu zuen, eta EAJn berritzaileagoa den zerbait: «Herritarren segurtasun eredu berri bat proposatzen dugu», esan zuen. «Ertzaintza prebentzio arloko polizia gisa eratu behar da». Urkulluren hitzetan, «terrorismorik gabeko errealitate berrira egokitzeko erronka du orain Ertzaintzak», eta «polizia integralaren eredua» defendatzen du; «Ertzaintzaren eta euskal gizartearen arteko lotura sakondu eta indartuko duena».

EH Bilduk hausnarketa sakona egin du gaiaren inguruan, eta horren ondorio da Herrizaingo Saila eta Justizia Saila elkartuta Herritarren Askatasunak izenekoa proposatu izana. Koalizioak sailburutzarako proposatu duen Julen Arzuaga abokatuak gaiari buruz espresuki egindako hitzaldian azaldu zuenez, «egungo Herrizaingo Sailaren lana segurtasunaren izenean herritarren eskubideak zapaltzea da, eta Justizia Sailarena eskubide horien alde egitea». Kontraesan deritzo horri, eta filosofia aldaketa proposatu du. «Inguruko lurren artean delinkuentzia tasarik txikienetakoa duen eremua dugu. Beraz, aukera dugu prebentzioan oinarritutako herri segurtasuneko politika izateko».

«Eskubideen bermatzaile izango den Ertzaintza integrala» proposatu du, egungoaren oso bestelakoa. «Polizia kidego horrek gardentasun osoz jardun behar du eta giza eskubideen defentsa bere lan profesionalaren berezko atal moduan ikusi», dio EH Bilduren programak. Hori guztia datozen lau urteei begirako «trantsizio proposamena» dela zehaztu du.

Gainontzeko alderdiek ez dute polizia eredua aldatu beharra jaso bere programetan. Edozein kasutan, hurrengo Legebiltzarrak ezinbestean heldu beharko dio gaiari; guztien arteko eztabaida sakona egin, eta erabakiak hartzeko. Lau urte barru orain arteko polizia eredu bera edukitzea ez litzateke seinale ona, oraindik bizikidetza urrun legokeela erakutsiko lukeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.