Hizkuntza gutxituekiko errespetu handia du Frantziak. Baina kanpoko hizkuntzak direlarik,Frantziako Konstituzioko 2. artikuluak argi dio errepublikako hizkuntza frantsesa dela. Arazoa oinarrian du, ordea. Milioika herritarrek baliatzen duten alsaziera, okzitaniera, korsikera, katalana, euskara edo bretoiera eskubiderik gabeko eremuan kokatzen ditu errepublikak. Ofizialtasunik gabe, lege gerizarik gabe, Nazio Batuen Erakundearen salaketak pairatu behar baditu ere.
2008an Konstituzioan aldaketa egitea onartu zuen Frantzaiako Asanbleak. Baina 2. artikuluari konponbidea eman ordez, 75.1 artikuluan kokatu zuten hizkuntza gutxituei eskaini ezagutza. Frantziako ondaretzat hartzen ditu. Den mendreneko hizkuntza eskubideak onartuko zituela pentsatu zen orduan. Auzitegiek zalu erantzun dute. Joan den maiatzean, epaile batek erabaki zuen aipamen horrek ez zuela neholako hizkuntza eskubiderik aitortzen. Eskulekua jarri arren, ateak itxirik segitzen du oraindik.
1999an Eskualdeko Hizkuntzen eta Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna izenpetu zuen Frantziak. Konstituzio Kontseiluak,2. artikulua lubaki bihurtuz, ez zuen baimendu euroituna berrestea. Chiracek euroituna berrestea baimenduko lukeen konstituzio aldaketa ezeztatu zuen, Hizkuntza Legea proposatuko zuela aginduz. Nicolas Sarkozyk hartu zuen lekukoa 2007an, artean Frantziako presidente izateko hautagai zelarik.
Presidentearen urratsek ez dute hautagaiaren hitza bete. Bere agindupean izandako Kultura ministroek lege proposamena gauzatuko zutela erran zuten. Frederic Mitterrand Kultura ministroak aukera hori birrindu du. Lege beharrik ez eta gaurko koadroarekin aski dela dio.
Frederic Mitterrand, François Mitterrand Frantziako presidente ohiaren iloba. Azken horrek euskal departamendua sortuko zuela ere hitzeman zuen hautagai izan zelarik. Ez departamendurik, ez ofizialtasunik, ez legerik gero.Mitterranden hitzak, Sarkozyren hitz ederrak bezala, ezerezean gelditu ziren kargua hartu ondoren. Eta presidentziarako hauteskundeak hurbiltzean, botoen lehia estuan arrantzan, hizkuntza gutxituekiko promesak ugaltzen dira.
Berdin dio gaur egun Frantziako Parlamentuan lau lege proposamen egotea. Batek ere ez du aitzina egiteko bermerik. Hala ere, euroituna izenpetzeko eskaria baztertu eta lege proposamenaren ildoa landuko duela erran du Sarkozyk. Alderdi sozialistako ordezkariak, bere aldetik, ofizialtasunik ez dio emanen euskarari. Ez du 2. artikulu hori aldatzeko asmorik. Aldiz, bai euroituna izenpetzeko erabakia. Alta, historia hurbilak gogorarazten du hauteskunde kanpainan aireratutako hitzak hitsak direla ondoren.
Ofizialtasuna eta lege babesa duenak ez du premiarik deus ez duenaren behar gorria ikusteko. Frantziako Gobernuak plantan ezarri duen EEP Euskararen Erakunde Publikoak berak ere «borondatean» oinarritutako politikaren mugak pairatzen ditu egunero. Eskola publikoetan murgiltze eredua baliatzea debekatzen du legeak. «Eredu indartua», «esperimentazioa» eta halako saihesbideak baliatu nahi ditu EEPk hesia inguratzeko. Alferrik.
Kontseiluaren eta Euskal Konfederazioaren eskutik, euskalgintzako herri mugimenduekaski dela erran dute, hitz hitsen zirimolan itotzeko dinamika gainditu behar dela, eta euskararen aldeko Deiadarrera deitu dute. Histu gabe, hitzak gauzatzeko.
Martin Ugalde Foroa. Euskararen lege babesa Ipar Euskal Herrian. Analisia
Hitzen legea, hits
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu