Xabier Etxaniz Rojo.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boto-prontoan

Isiluneak

2012ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Hil behingoz ala bizi berri bat eman, aukeratu beharrean gaude», zioen Josu Lezametak urriaren 5ean berripaper honetan. Helduen euskalduntzeaz eta euskaltegiez ari zen Josu, eta bere testuak arrakasta handia lortu zuen sare sozialetan euskaraz bizi garenon artean.

Ez nau harritzen, egia esanda, testu hark datu interesgarri franko eta hausnarketa are interesgarriagoak baitzituen.

Bai eta proposamen zehatzak ere. Hain justu, gure lehendakarigaiek behar dutena.

Alabaina, ez du ematen hautagaiei helduen euskalduntzearen gaia askorik interesatzen zaienik. Izan ere, Josu Lezametak erronka jo baitzien hautagaiei, erronka publikoa Twitterren bidez, horren garrantzitsuak diren sare sozialen bidez, eta bere testua irakur zezaten eskatu zien, irakurri eta iritzia eman zezaten…

Oraindik zain dago gizona!

Bai, badakit hautagaiak lanez lepo dabiltzala, alde batetik bestera ematen dutela eguna, ezin diotela mundu guztiari erantzun… Eta badakit, halaber, baten batek — @abasagoiti-k kasu— nahita ere ezingo lukeela bere iritzia eman euskaraz idatzitako testu baten gainean… Baina zergatik isildu dira besteak? Zer dio @patxilopez-ek —zeinak euskara ikaslea den neurrian gaia gertutik ezagutu beharko bailuke— auzi honen harira? Zer dio @iurkullu-k? Eta @lauramintegi-k? Jarraitu behar al dugu helduak euskalduntzen ala —Josu Lezametak bere testuan zioen bezala— oinazerik gabeko eutanasia errukitsu batera jo beharko genuke?

Oraindik garaiz dabiltza erantzuteko…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.