garbine ubeda goikoetxea
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boto-prontoan

Jeltzalearen makalaldia

2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Tronpeta festa harekin ekarri izan balu bezala heldu da lehendakarigaia —politika moldea irauli nahiko lukeena ez, bestea, jeltzalea— , sendagilearen kabinetera. Zapi zuri brodatuak bi masailen artekoa estaltzen diola, gogotik ari da zintz eta zintz, isildu gabe, sudur-trenkada ufaka zuzendu nahiko balu bezala. Diosal justukoaren atzetik, «ondoezik nago», bota dio urduri, tronpeta utzi eta klarinetea aterata, medikuak aurrez aurre eserarazi duenean.

«Sabeleko uzkurdurak ditut, buruko karga, eta egarria, egarri ikaragarria», azalpen zehatzagoetan hasi zaio jarraian, esku dardartia kopetara eramanda; «sasoiko ajea baino larriagoa dirudi hon… ai… ho... honek...». Ziztadaka ariko balitzaizkio bezala eten du hitz-jarioa. Begiak txikitu zaizkio, sudurra zimurtu, aho-matrailak imintzio deskribaezinetan desitxuratu.

—Aaaa… ah.. ah… AHT!!! — egin du doministiku azkenerako, zeru-lurrak ere botean astinduz. Bere onera etorri, eta burua altxatzearekin batera, kandela likatsu batek egin dio bidea eskuineko sudur-zulotik behera. Hori espantua.

—Alajainena!— irten dio bata zuridunari. Hitz egokiak aurkitzeaz baino, betaurrekoetan itsatsi dizkion perdigoiak agudo garbitzeaz kezkatuago, eldarnio paranoiko kronikoak eragiten dituen birus kutsakorra diagnostikatu dio koitaduari, bi segundoan eta ahots modulazioan gorabeherarik erakutsi gabe: «Handiusteuestelis sinremedieae, izen arruntik ez du, sendabiderik ere ez». Herpesaren familiakoa omen.

Eguneroko bizimodua erraztearren, antieuforikoak errezetatu dizkio, kopagoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.