Krisi ekonomiko sakona egon edo ez, berdin dio. Ia beti bezala, Nafarroan eskuinak irabaziko ditu hauteskundeak. Ziurtasun hori etsigarria gerta badaiteke ere, legealdiz legealdi, garai batean zuen eremu emankorra tantaka-tantaka higatzen ari da. Joera hori geldiarazi nahian, komenentziako bikotea osatu dute oraingoan UPNk eta PPk. 2008ko hausturak eragindako zauriak ustez oraindik sendatu gabe dituztela, indarrak batzea erabaki zuten irailean —Amaiur aurkeztu eta berehala—.
Orain, kanpainan Derecha Navarra y Españolak bere hautagaitza atzera bota du. Alderdi txikia izanagatik, eskuinak bere ahalmen osoa erakusteko asmoa duela islatzen du. Horregatik, hauteskundeak nabarmen irabaziagatik, interesgarria izango da ikustea non dagoen euren muga: 130.000 bototik gora ibiliz gero, etsigarria izango da: aldiz, 120.000 botoren bueltan ibiltzen badira, esanguratsua izan daiteke.
Hala, iragan asteburuko mitinean laugarren xedapen iragankorra kentzearen aldeko eszenifikazioa egin zuten Yolanda Barcinak eta Mariano Raxoik. Konstituzioak duen xedapen horrek Nafarroak, Arabak, Bizkaiak etaGipuzkoak bat egiteko aukera jasotzen du, eta hura aipatze hutsak ezinegon handia eragiten du Nafarroako eskuinean. UPN-PPren obsesio hori ez da iragankorra, eta etorkizunean etorriko den eztabaida politikoaren inguruko beldurra islatzen duen bezala, abantaila bat du bientzat: gai bakar batek euren eremua bateratzeko ahalmena du.
2008ko su garrak piztuta daude, ordea. Hiru urteotan aldeak nabarmendu egin dira, eta horien poderioz, kanpainan isiltasuna nagusitu da. PP oso kritiko izan da Nafarroako Kutxaren kudeaketarekin, eta orain dieten zein goi kargudunen soldaten auzian mututu egin da. UPNk Zapateroren azken bi urtetako erreformak eta aurrekontuak ahalbidetu ditu abstentzio bidez, eta PPk ez dio ezer bere bazkidearen iragan hurbileko jarreraz. UPNk Parlamentuan behin eta berriz gogorarazi du PPren autonomiak zein gaizki dauden, baina mutu dago, PPren zentralizazio asmoez ezer esaten ez duen bezala. Isiltasuna (eta laugarren xedapenaren afera) komeni zaie biei.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Analisia
Komenentziako bikotea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu