Hilberria. J. Antonio Usparitza

Laguntzaile bizitza sortzen eta zaintzen

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Marka egina zuen bizitza sortzen laguntzen: 26.621 umeren jaiotzetan parte hartu zuen ginekologo gisa. Etorri zaio, ordea, bizitza amaitzeko ordua, 92 urterekin. Juan Antonio Usparitza hil da (Busturia, Bizkaia, 1919). Ginekologo aritu zen garaian, Bilbon jaiotako ume gehienen amak haren eskuetatik pasatu ziren. Bilbotik kanpoko milaka herritarrek ere jaso dute haren zerbitzua. Hark sortua da DYA. Etengabe aritu da lanean elkarte horretan, 1966tik atseden hartu gabe.

«Oporrik ezagutu gabe» joan da. Orain urte eta erdi hori esan zion BERRIAri. «Ginekologoa bakarra izaten zen, eta ardura bete beharra zegoen. Emana egon naiz». Umeek ez ezik, arduratzen zuten errepideko istripuek. «Autoan asko ibili behar izaten nuen, eta istripu asko ikusten nuen». Hala sortu zuen DYA, istripuetan laguntzeko elkartea. Egokitu zitzaizkion une gogorrak; Oizko ezbeharra, kasurako.

Ginekologotza utzi arren, segitu du lanean DYAn. Osasunak utzi dion arte, jakina izan du egunerokoa, jai eta aste, oporrik gabe: «04:00etan jaiki, gosaldu, eta prentsa eta DYAren gaueko berriak begiratzen ditut». Haren heriotza dute gaurko berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.