Txema Ramirez de la Psicina
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Begiradak

Lau hautagai, helburu bakarra

2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Ajuria Enera irits daitezkeen lau hautagaiak ETB2ko Euskadi pregunta saiotik pasatu dira. Honatx gogoeta apal sorta. Atariko lehena: tamalez, euskaldunok ez dugu horrelako saioa ikusteko eskubiderik lau lehendakarigaietatik bi jendaurrean euskaraz aritzeko gauza ez direlako.

Formatuaz: Interesgarria, baina hertsiegia. Platoan daudenek ezin dute erantzun. Politikarientzat oso konplikatua da, ez baitakite hurrengo galdera nondik etorriko den. Bertaratu zirenen itaunak politikoki zuzenegiak eta errepikakorrak izan ziren. Askoz zorrotzagoak izan ziren Internet bidez egindakoak. Eraginaz: Zaila da horrelako eztabaiden eragin erreala neurtzea, areago gurea bezalako gizarte politizatu batean. Has gaitezen azterketa lehen hautagaiarekin.

Laura Mintegiren lehen kanpaina da. Hezkuntza munduan daramatzan 30 urteko ibilbidea antzeman zaio: lasai, natural jardun eta jarrera irekia erakutsi zuen; apaltasunez mintzo zen, harrokeriarik gabe. Saioak aurrera egin ahala, ordea, gauzak korapilatu egin zitzaizkion. Uneren batean, galduta ibili zen, Aieteko puntuen aipamena egiten hasi zenean bezala. Beste batzuetan zehaztasuna falta izan zitzaion. Kazetariei hainbeste gustatzen zaien titular hori ez zuen eman. Horretan ikasi behar du. Aldaketa aldarrikatzen duen hautagaia izateko txispa falta zaio.

Antonio Basagoitik gehiago ezagutzen ditu kazetarien azturak. Bere buruari galdezka ibili zen nahi zuen titularra txertatu arte: Euskadi independente balitz ezingo luke pentsioak ordaindu. Egia ala gezurra? Ezin une horretan argitu programaren formatuak ezinezko egiten zuelako. Iheskor ibili zen galdera konplikatuenen aurrean. Horren erakusle Euskal Herrian Espainiako armadaren balizko interbentzioa babestuko ote zuenetz agertu zuen erantzun susmagarria. Basagoitiren berba-jarioak ez du etenik. Sarritan, abiadura handiko presio-eltzea dirudi.

Patxi Lopez eroso ibili zen saioan; denetik egin zuen: txiste-kontalari, irakasle… Madrilgo murrizketen aurka dagoela esan zuen, baita eztabaida fiskala gogoko duela ere. Hainbatetan pase forala erabili zuen: erabakitzeko eskubidea, Iñigo Cabacasen auzia edota euskal selekzioei buruzko galderen inguruan, adibidez. Hori bai, aste honetako saioan garbi utzi zuen euskaraz zein gaztelaniaz dezente duela hobetzeko oraindik: ertzainei «ertzantza» deitu zien eta kirol erregea omen den horri «fúlbol».

Iñigo Urkullu esperientzia handiko politikaria da. Gaiak ederki menperatzen ditu. Askotan, xehetasun handiz erantzun zien oso zehatzak ziren galderei, txeke sozio-sanitarioaren inguruko itaunari, kasu. Baina, Urkulluk jendaurrean azaltzeko arazo dezente ditu. Sortzetiko herabetasuna muga gaindiezina da berarentzat, sentimenduak azaltzeko eragozpen terrible bihurtzen baitu. Bere mezuan ez dago pasiorik, ez lilurarik, ez gorabeherarik. Oso monokorde eta errepikakorra da. Lehen ordu erdian, 25 aldiz inguru errepikatu zuen «Partido Nacionalista Vasco». Lehendakari izan daiteke; zinez, aspergarria, ordea. Ez du buruzagi historikoaren profila betetzen.

Hauteskundeei begira, Euskadi Pregunta eragin mugatuko saioa izango da, baina herritarrontzat interesgarria, zalantzarik gabe; lauren arteko eztabaida antolatuko balitz askoz interesgarriagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.