Pello Urzelai.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Analisia

Lidergo erlatiboa

2012ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Garaipen argia lortu du EAJk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Iñigo Urkullu lehendakarigaiaren eskutik. Irabazlearen inguruko zalantzarik ez dute utzi emaitzek. Bigarrenari —EH Bilduri— atera dion aldea (106.576 boto, 6 aulki) esanguratsua da, lidergo politikoaren ikuspuntutik. EAJk lortutako emaitzekin (botoen % 34,64, 27 aulki) zilegitasun osoa du lehendakaritza hartzeko, nolabaiteko zentralitatea eskuratuta.

Sailkapena ere garrantzitsua da. EAJ izan da lehen indarra eta EH Bildu bigarrenbilakatu da (botoen %, 25, 21 aulki) 2011ko udal eta foru hauteskundeetan gertatu bezala. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan aurrekari bakarra dago: 1980ko hauteskundeak, HB PSEren aurretik gelditu zenean. Hirugarren indarra PSE izan da (%19,14, 16 aulki) eta, urrutiago, laugarrena PP (11,74, 10 aulki).

Sailkapenarekin batera, beste datu garrantzitsua boto dentsitatea da, hau da, indar bakoitzaren pisu espezifikoa, eta multzo bakoitzarena. Indar abertzaleek espainolistek baino askoz sostengu gehiago lortu dute. Espainolistak batuta ere ez dira iristen %30era. PSEk, PPk eta UPDk 363.338 boto lortu dituzte, eta gainerakoek —EAJ, EH Bildu, Ezker Anitza eta EBk— 708.034, ia bikoitza. Datu honek berebiziko garrantzia du, erakusten duelako Espainiako estatu sistema sostengatzen duten alderdiek EAEn gutxiengo osatzen dutela. Beraz, argi gelditu da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Espainiako estatu sistema auzitan dagoela, bideragarritasunik gabe, Kataluniaren antzera.

Gobernagarritasunaren ikuspuntutik, emaitzek erosotasuna eman diote EAJri gobernatzeko, bakarrik ere, hala nahi izanez gero. Zenbaki hauekin, ez dago kontra egin diezaiokeen aliantzarik (EH Bildu eta PSE ez dira 38ra iritsi). EAJk nahiko tartea du bakarrik gobernatzeko, eta ziurrenik aukera hori egingo du. Beste alderdi batzuetatik eskaintza goxoak jaso arren. Berez, nahiko gehiengo erlatiboa lortu du gutxiengoan gobernatzeko eta aukera hori baliatuko du.

Dena den, Iñigo Urkulluk lehendakarigaiak berak ere argi dauka adostasun zabalak lantzeko garaia dela. Krisi ekonomikoa eta bakegintza akordio zabal eta sakonen zain daude. Eginkizun honi ekiteko nolabaiteko lidergoa eskuratu du EAJk. Lidergoa bai, baina erlatiboa, ezinbestean beste indarrekin kontatu behar duelako, batez ere, bigarren indarrarekin, EH Bildurekin. Bi indar hauek dutegarai berria kudeatzeko erantzukizun nagusia. Bien arteko elkarlana —instituzionala eta bestelakoa—beharrezkoa da aurrera egiteko. Krisi ekonomikoari aurre egiteko orduan, bakegintza sendotzeko orduan (estatuak mugiarazteko orduan), eta burujabetzaren bidean aurrera egiteko orduan.

Izan ere, hemendik aurrera herritarrek argiago barneratuko dute gehiengo nagusiaren nahia herri burujabea izatea dela, hau da, bertan erabaki ahal izatea oraina eta etorkizuna. Kataluniako eta Eskoziako prozesuek areagotu ahal dute sentimendu hori. Euskal Herrian pixkanaka antzeko gehiengo likido bat osatzen ari da independentziaren alde. Gizarte zibila norabide horretan benetan aktibatzen bada, agintari berriei nahi hori kudeatzea baino beste erremediorik ez zaie geldituko. Horretarako hoberena lidergo partekatua lantzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.