1972ko uztailaren 21ean IRAk 22 bonba leherrarazi zituen Belfasten. 11 pertsona hil zituen, baina haietako bi baino ez ziren soldadu britainiarrak. Besteak, bederatzi, zibilak ziren. Bloody Friday delakoan bederatzi herritar eta bi soldadu hil ziren, eta 130 lagun zauritu. 2002an, IRAk agiri bat hedatu zuen barkamena eskatzeko: «Uztailaren 21a IRAren operazio baten 30. urteurrena da. Orduan bederatzi lagun hil ziren eta askoz gehiago zauritu. Ez genuen borrokalariak ez zirenak hil edo zauritzeko asmorik, baina horixe izan zen gure ekintzen ondorioa, kasu honetan eta beste batzuetan. Gertakari tragikoaren urteurrenean, egoki iruditzen zaigu ez-borrokalarien artean eragindako heriotza eta zauri guztiak gogoratzea. Geure benetako doluminak ematen dizkiegu senideei eta barkamena eskatzen diegu. Biktimak alde guztietako borrokalarien artean izan dira. Haien senideen sufrimendua eta samina aitortzen ditugu». Horixe esan zuten garai batean armak eskuan borrokatutako irlandarrek. Euskal Herrian badugu zer ikasia.
ETAk Donostiako konferentziaren lurreratze pista behar izan du mende erdiko ibilbidea bukatzeko. Espainiako politikari askok eta gizarteko zati handi batek ere lurreratze pista beharko dute haren batasun sakratuaren inguruan bost mendean eraikitako pentsamendu nazionalista baztertzailea gainditzeko. Ikusi besterik ez dago Donostiara etorritakoei egin dieten mespretxua. Espainiako ordezkari politikoak munduan barrena ibiltzen dira haien trantsizio «eredugarria» saltzen, lezioak ematen. Hala ere, ez dute aholkurik onartzen Espainiak baino tradizio demokratiko askoz handiagoa duten estatuetako politikariak gurera datozenean. Erresuma Batua munduko demokrazia parlamentario zaharrenetakoa dugu; Frantzia, iraultza burgesaren sorterria; Norvegia, munduko ongizate gizarte garatuena, han-hemenka bakegintzan ari dena. Horrek berdin dio Espainiari. Zenbat urte ditu demokrazia ez perfektuak Espainiaren historian? Mende erdi? Askoz gehiagorik ez. Espainiak lezioak ematen ditu; hartu, ez. Harrokeria. Maila eskasa.
Espainiako lehen errepublikan (1873-1874) eredu federala proposatu zuten. Estanislao Figueras presidentearen ministro kontseiluan hainbat katalan zeuden, eta bileretan katalanez egiten zen sarri. Azkenean, federalismoa baztertu eta Espainia zaharkituaren espiritua nagusitu zen. Figuerasek amore eman behar izan zuen. Halaxe esan zien ministroei azken bileran: «Senyors, els hi penso ser sincer: n'estic fins als collons de tots nosaltres». —«Jaunak, egia esango dizuet: potroetaraino nago gutaz guztiotaz»—. Espainia ez zegoen federalismorako prestatuta. Are gutxiago Pi i Margallek, Suitza oinarri, proposatzen zuen konfederalismoa onesteko. Egoera bestelakoa izango zen orain, Espainiak bide hori hartu izan balu. 137 urte pasatu diren arren, pentsamolde hori ez da asko aldatu.
Jonathan Powellek, Blairrek Donostiara bidalitako ordezkariak, politika egiteko modu pragmatikoa azaldu zuen behin: «Herri batean denbora luzean agindu nahi baduzu, kontsentsua bilatu beharko duzu (…) Botere autonomikoa emanez gero, autodeterminazioaren eta banatzeko nahiaren presioa moteltzen duzu. Asmo horiek disolbatzeko modu onena jendea kontsentsuaren inguruan biltzea da, ez autodeterminazioaren inguruan. Azkenean, akordio batera iritsi zen Ipar Irlandan, eta akordio hori herritarren kontsentsuaz baizik ezin da aldatu».
Espainiak asko ikasiko luke hitz horietatik. Izan ere, Euskal Herriak ez du Espainia seduzitu behar, alderantziz baizik. Euskal Herriak ez du Espainia bereganatu nahi; Espainiak nahi du Euskal Herria atxiki. Hasi dadila lanean euskal gizarteari onena Espainian segitzea dela pentsarazteko. Garai berri hauetan independentistek ere gogotik egin beharko dute lan herritarrak euren diskurtsoaz konbentzitzeko. Ideien bataila izango da: nork bere proiektua landu beharko du, gizarteari bizikidetza eredu erakargarriak eskaintzeko. XXI. mendean ideiak borroka politiko baketsuen bidez defendatu behar direla ulertu da Euskal Herrian. Inposizio zaharretan oinarritutako diskurtsoek XXI. mendean ez dutela lekurik onartu beharko dute Euskal Herritik kanpo. Aberria, herria, gizartea egunero egiten direlako.
Aurtengo maiatzean Ingalaterrako erregina Irlandara joan zen. Bertan, britainiarrek Irlandan eragindako minari buruz mintzatu zen: «Inoiz ezin izango ditugu ahaztu hemen zauritu eta hildakoak eta haien senideak. Geure iragan gatazkatsuaren ondorioz sufritu duten guztiei benetako begirunea eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu». Horixe esan zuen garai batean batasunari indarrez eutsi nahi zion erresumako ordezkari gorenekoak. Espainian badute zer ikasia.
2011ko urriaren 20an Euskal Herrian jaio ziren umeak beste gizarte mota batean hazi eta heziko dira. Gu, mende erdian iragan goibela besterik bizi izan ez dugunok, lagun izango gaituzte. Etorkizuna gu guztiona da baina, batez ere, haiena, belaunaldi berriena. Duintasunean eta errespetuan oinarritutako bizikidetza ez da aise eraikiko. Bidea luzea izango da. Nekagarria batzuetan, bizigarria beti. Mereziko du.
Darwin eta gu
Mereziko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu