Xabier Etxaniz Rojo.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boto-prontoan

Mitina

2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Joan den igandean Patxi Lopezek Donostiako Bulebarrean eman zuen mitina ikusi nuen. Bai, badakit, eta arrazoia duzue: zuhurtziagabetasun handia izan zen nire partetik, erokeria galanta, alimaleko kirtenkeria. Ea zertan ari nintzen pentsatzen galdetuko didazue, zilegitasun osoz gainera, egia baita familia dudala, ardura handiak eta askotarikoak, egia baita jende mordoak maite nauela…

Pentsatu gabe egin nuen. Baten batek egin behar zuela esan nion neure buruari ,eta ero moduan joan nintzen, alkandorako botoiak askatuta, beldurrak airean, bai, baina nire irakurleenganako maitasunak akuilatuta…

Bai, arrazoia duzue: axolagabekeria izan zen. Zin dagizuet azken aldia izango dela…

Defentsarako zirrikitu gutxi izan arren, aitortu behar dut ez nintzela askorik ere hurbildu. Bulebarreko terraza batean geratu nintzen, garesti antzean ordaindu nuen kafe baten abaroan, egunkariaren atzean ezkutaturik. Eta pipa ahoan.

Hura izan zen, zalantzarik gabe, nire akatsa.

Izan ere, susmoa baitut ikusi egin nindutela. Kea ikusi edo pipa tabakoa usaindu, bietako bat. Nola ulertu, bestela, Patxi Lopezen teloneroak euskaraz egin zuen hasiera sutsu hura? «Gaurkoan euskaraz hasiko naiz, eta badakizue zergatik, aske naizelako», egin zuen oihu.

Lau haizeetara, bai, baina niri begira.

Horrek urduri jarri ninduen. Gero, Rodolfo Ares ikusi nuen paseoan, disimuluan… eta handik aurrera, apenas entzun nion ezer Patxi Lopezi. Soilik irabaziko zutela.

Ahal izan nuen moduan egin nuen ihes.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.