Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Analisia

Morroi gehiago

Imanol Murua Uria.
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
ETA azkenetan dagoela dioten berberek esan dute Kofi Annan eta beste bostak ETAren morroiak direla. Bruselako Adierazpeneko Nobel saridunak eta gainerako sinatzaileak ere erakunde armatuaren zerbitzariak ziren, Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak eta Nazioarteko Egiaztatze Taldekoak bezala. Aieten iragarritako jarraipen batzordekoak ere hala izango dira noski.

Herenegun, COPE Espainiako irrati katean, Kofi Annan eta beste bostak Aieten bertan atxilotu behar izan zituztela esan zuen tertuliakide batek; bost puntuko adierazpena irakurri eta hiru minutura, zehaztu zuen. Ez dakit zeren zain dauden ETAren morroien organigramak argitaratzen hasteko. Estimatuko diegu, bestela galdu egingo gara-eta nazioarteko hainbeste bitartekari talderekin eta sinatzailerekin.

Ea zer argitaratzen duten gaur ETAren morroi berriei buruz: Tony Blair, Jimmy Carter eta George Mitchell. Hiru gizarajo besterik ez direla, akaso: Erresuma Batuko Gobernuko buruzagitzatik Irlandako bake prozesua bideratu zuena, bata; Ameriketako Estatu Batuetako presidentea izana eta 2002ko Bake Nobel sariduna, bigarrena; eta Ipar Irlandako negoziazioetako moderatzaile zelarik Mitchell printzipioen inspiratzailea eta gaur egun Barack Obama AEBetako presidenteak Ekialde Hurbilean duen ordezkaria, hirugarrena. Horixe: hiru txotxongilo, ETAri jokoa egiten.

Interesgarria litzateke sostengu hauen nondik norakoen kronika egitea. Nolatan etorri zen Kofi Annan, nork eskatu zion sinadura Jimmy Carterri, nori sinetsi zion George Mitchellek hau serio zihoala eta ezer galdetu ote zion Tony Blairrek Jose Luis Rodriguez Zapaterori atzo ezer esan aurretik.

Harreman pertsonal batzuek arrasto batzuk eman ditzakete. Adibidez: 2005-2007ko prozesuan Henri Dunant Zentroaren izenean oso modu aktiboan bitartekari ibili zirenetako bat Kofi Annanen gertuko laguntzailea izan zen Nazio Batuetako idazkaritza nagusian, eta aurreko prozesuaren gorabeheren jakinaren gainean izan zen Annan bide horretatik. Ez du urruti ibili behar orain ere Genevako zentroak.

Baina era honetako harremanek ez dute dena esplikatzen. Alegia: Brian Currinek jendea konbentzitzeko gaitasun ikaragarria izango du, Sinn Feineko lagunen hariak Estatu Batuetaraino iritsiko dira eta Lokarrik kontaktu itzelak izango ditu nazioartean, baina konponbiderako saio honi izen handi hauek eman dioten babesak beste zerbaiten seinale ere izan behar du. Harrigarria litzateke Pierre Joxe, PSko kidea, Frantziako Barne ministro izana, PSOEren iritziaren kontra sartzea Aieteko seikotean. Edo Tony Blairrek babesa agertzea agiriari, Zapateroren gobernuaren oniritzirik gabe.

Konferentziaren aurrean laissez faire jarrera hartzeak eta nazioarteko pertsonalitateei eragozpenik ez jartzeak, dena den, ez du berez esanahi PSOEk prozesua elikatzeko behar diren pausoak emateko prestasuna duenik. Alderdi barruan ere badago horren kezka.

Oso politikari gutxik egiten dutena egin du berriro Jesus Egigurenek: alderdiaren diskurtso ofizialetik aldendu, eta pentsatzen duena esan du; alegia, bere alderdia huts egiten ari dela, ez dela behar beste engaiatzen ari. «Beti amestu genuena da», esan du. Eta hala da: Batasunak indarkeria behin betiko uzteko eskatu dio ETAri, eta indarkeria behin betiko uztekotan da ETA, ordain politiko negoziaturik gabe. Beste egia handi bat ere jarri die begien aurrean Egigurenek ETA desegiten ez den bitartean lehengoan jarraitzen dugula diotenei: presoak dauden bitartean, ETAk iraungo du. Alegia: ETA desegite bidean jartzeko, presoen auzia konpontze bidean jarri behar da.

Ez du PSOEk egun askorik, ezta ETAk bere adierazpena gaur bertan ematen badu ere, baina lehen pausoak ematen hasteko astia emango luke hilabete batek, egunetik egunera hilabete horrek egun gutxiago dituen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.