Hauteskunde egunotako hitz eta idatzi ugari udazkeneko orbelaren pare geldi daitezke, haize guztien mende, baldin eta pisuzkoak izan eta norabide egokian hedatzen ez badira. Hitz betegarriak entzuten ditugu han-hemenka, baina boto-zenbaketatik harantzagoko norabidea ez zaigu, kasu askotan, argitu nahi. Eta horretan erreparatu beharko genuke, hain zuzen ere, botoa nori eman erabakitzerako orduan.
Dagoeneko susmatzen dugu boto joera nagusiak nondik nora joan daitezkeen. Inor gutxik jartzen du zalantzan, adibidez, Espainiako gobernuaren eta Estatuaren beraren euskarri txandatua diren PP eta PSE-PSOE alderdiek jipoi handia hartuko dutela berton, eta lehen postuetarako lehia EAJ eta EH Bildurenartekoa izango dela. Hori horrela bada, aldaketa sistemiko baten aukeran egon gaitezkeela esango nuke, are gehiago, hauteskundeen ondoren, bi indar garaileen arteko akordio sendoak lortuko balira. Gaurtik begira, horren itxaropenik bai?
Elkarren arteko lehia bizian dauden indarrek ez digute, konpetentzia honek dirauen bitartean, geroko aliantzen estrategia aurreratu nahi izango. Puntu bateraino ulergarria da. Bakoitzak bere programari eusten dio eta boto emaile ahalik eta gehien bere aldera erakartzen saiatzen da. Baina orain esaten edo isiltzen dituztenek ematen digute guri, hain zuzen ere, gero nola jokatuko duten asmatzeko aukera. PP eta PSE-PSOErekin hasteko, hauek biak galtzaile ikusten dute beren burua eta, zuzenean ala zeharka, biek aditzera eman dute gauza bera: nahiago luketela EAJ gobernurako bidean lagundu, EH Bildu agintean ikusi baino. Beraien aurreko ahaleginak (legez kanporatzeak, errepresioa eta gobernu konpartitua) porrotean amaitu direnean, EAJ ikusten dute EH Bilduk dakarren aldaketa sakona ekiditeko azken aukera. EAJk, bere aldetik, eskaintza hori profitatu nahi du eta «anbiguotasun kalkulatuan» kokatzen ditu bere egitasmoak. Eufemismoa berau, jakina.
Urkulluren kanpaina guztia zerbait izan bada, kontzeptu kontrajarrien entsalada nahasia izan da. CiUko aliatu tradizionalak Kataluniarako erreferenduma eta Estatu propioa aldarrikatzen dituen unean, Iñigo Urkulluk hemen, kanpaina honetan eta egun gutxiren bueltan, proposatu digun guztia: indarrean den Estatutuaren transferentziak betetzea; Estatutu berria adostea; «Estatuago» bihurtzea (nor, zer?); nazioa Europan (nola?); «herri librea» Europan,... Hau da, independentziari disimuluz uko egiteko, gainontzeko formula posible guztiak aipatu, eta denak maila berean. Zer izango gara, orduan, laino artean? EAJren ahotik, behintzat, ezin jakin.
Bitartean, Artur Mas Kataluniatik gero eta argiago mintzatu da: esan duen azkena, Kataluniak ezingo duela iraun Estatu propioa izan gabe.Berton ere argitasuna behar dela eta, Laura Mintegik Estatu propioa Europan aldarrikatu du Euskal Herriarentzat.
Krisiari aurre egin eta ekonomia bizkortzeko proposamenen artean ere, lainoa abailtzen da EAJren proposamenen gainean. Ongizate Estatuari eutsiko diotela esan, eta horrekin batera murrizketak iragarri (nolakoak, zertan ?). Dirurik ez dagoela, baina AHT azkartu egingo dutela, dirua aurreratuz (nondik, noiz eta nola berreskuratzeko?). EH Bilduk behintzat bere asmoak argi azaldu ditu: moratoria obra erraldoietan eta gizarte zerbitzuak indartu, politika fiskal berriez baliatuz.
Botoa eman aurretik, norabideaz galdetu, arren.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Begiradak
Norabidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu