Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Iritzia

Orbanik gabea

Txema Ramirez de la Psicina
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Gogoeta hiru maila ezberdinetan egingo nuke. Alde batetik, hiritar moduan iruditzen zait garrantzi handiko gertaera izan dela eta izango dela hemendik aurrera ere bai. Batetik, bertara hurbildu diren pertsonak oso garrantzitsuak direlako, eta bestetik, bertan adostu duten testua ikuspuntu demokratiko batetik hutsik gabea delako, orbanik gabekoa. ETAri eskatzen zaio behin betiko amaiera, eta gero datoz beste eskaera guztiak, bai Frantzia eta Espainiako gobernuei, bai alderdi politikoei. Beraz, ikuspuntu demokratiko soil batetik, nire ustez guztiz hutsik gabea da, guztiz orbanik gabekoa.

Bestetik, komunikazioaren profesional moduan sentsazio gazi-gozoak ditut. Alde batetik, ikusten dut garrantzi handia eman zaiola gai honi, baina baita ere ikusi dut Espainiako zenbait komunikabideren aldetik aurreiritzi dezente erabiltzen dituztela, Konferentzia bera desprestigiatzeko modu zatarrak erabilita. Esate baterako, gaur —atzo— goizean bertan Antena3 telebista katean esan dute «la autoproclamada Conferencia de Paz». Hori beste nonbaiten izan balitz, pentsaezina zen halako terminoak erabiltzea. El Mundo egunkariak ere «El Festival de Donosti» erabili du. Ikuspuntu profesional batetik ez zait onargarria iruditzen, gertaerak baduelako berez garrantzi handia, eta beste gauza bat delako edukiekin bat etortzea ala ez. Alde horretatik, Erresuma Batuko komunikabideetan gaiak izan duen garrantzia oso kontuan hartzekoa da, baina ez dugu ahaztu behar Erresuma Batuan duten tradizio demokratikoa eta Espainian daukaten tradizio demokratikoa desberdina dela. Mendeetako tradizio demokratikoaz ari gara hitz egiten Erresuma Batuaren kasuan, eta, berriz, Espainiaren kasuan, hogeita hamar bat urteko tradizio demokratikoaz.

Azkenik, ikuspuntu pertsonal batetik oso pozik nago. Iruditzen zait askok eta askok aspalditik amesten genuen egoera iristear dagoela, eta agian aste honetan bertan ere ETAk iragar dezakeela bere behin betiko amaiera. Egoera horrek posible egingo du, izatez egiten ari da, euskal gizartearen baitan zeuden hainbat potentzialtasun agerian uztea, eta hori izango da oso motor garrantzitsua hurrengo urteetan. Batzuek irudikatzen genuen egoera hau eta eskatzen genuen egoera hau duela urte batzuk, eta, horregatik, kritikatuak izan ginen, oso gogor kritikatuak gainera. Orain, ezker abertzalearen buruzagitza gauza bera defenditzen ari da, eta hori pozgarria da, inolako zalantzarik gabe. ETAren indarkeriaren amaierarekin batera etorri beharko luke, jakina, beste indarkeria mota guztien desagerpenak, horretxek posible egingo lukeelako gatazkaren beraren normalizazioa eta beste giro bat sortzea Euskal Herrian bertan.

@Iritziaren bideoa honako helbide honetan ikusgai: www.berria.info/berriatb/
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.