Aitor Renteria.
Analisia

Paristik galerna hotsa

2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Lurralde elkargoaren aldeko jarrerek itxaropenez jantziriko ortzadar koloretsua osatu dute azken hilabete eta asteotan. Hautetsien Kontseiluak eta gizarte eragile gehienek ondutako proposamena Parisera eraman aitzin, Parisek ortzantzaren, galernaren hotsa ekarri du Ipar Euskal Herrira. «Ezohiko tresna instituzional bat egiteko segurtamenik» ez dagoela adierazi zuen atzo Miarritzen Marylise Lebranchu deszentralizazioaz arduratzen den Frantziako ministroak. Bertze gisa batera adierazteko, lurralde elkargoaren proposamenari aterik ez diola ixten, baina irekitzen ere ez.

Euria hasi orduko aterkia ireki nahi du François Hollande Frantziako presidente sozialistak. Parisera heldu orduko, eskuan du Euskal Herriko hautetsi eta eragileen eskaria. Lebranchuk hodei beltzak ezarri ditu lurralde elkargoaren zerumugan. «Beharbada, egiten dakiguna egiten segitzea da hoberena...».

Parisen hartu beharko dituzte urriaren 11n Ipar Euskal Herriko ordezkariak, eta sinesgarritasuna galtzea nahi ez badute, Parisek iraganeko hutsak ez errepikatzeko oharra entzunarazi beharko dute. Eskuin, zentrista, sozialista eta abertzaleek osatzen dute ordezkaritza. Parisek adostasuna eskatu zuen, eta hori erakutsi dio Iparraldeak. Proposamen zehatza eskatu zuen, eta hori landu du Ipar Euskal Herriak. Gutxi balitz bezala, herritarrek galdeketaren bidez berresteko eskatu dute Baionako jardunaldietan ondu proposamenaren bidez.

«Egiten dakiguna» esaldi mingarria da euskal herritarren belarrietan. Ez dira ahantzi 1981ean sozialistek egindako promesak. Hogeita hamar urte geroago, Parisek hitza jan zuela onartzen dute guztiek, bertako sozialistek barne. Duela bi mendeko egitura dago indarrean, eta lurralde erreforma gauzatzerakoan Euskal Herria berriz ere «salbuespen» izatea eta aitorpenik ez jasotzea larriagoa izan daiteke. Suarekin jolastea. Instituzioaren gaia bake prozesuari lotua dela onartzen dute bai Brissonek, bai Espagnac-ek. Ezetzak etsipen eta haserrearen hazia erein dezake ondoko belaunaldiengan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.