Ez ingurumenak, ez osasunak, ez segurtasunak, ez lanpostuek, ez energia hornidurak, ez beste energia kontsumo eta iturri batzuen aldeko apustuak. Diruak. Berriro ere diru hotsak agindu du azpiegitura baten etorkizuna. Xake partida konplexu bateko pieza da Garoñako zentral nuklearra, eta hala erabili dute haren jabeek, Iberdrolak eta Endesak, Espainiako Gobernuaren aurka abiatua duten gerran. Garoñaren etorkizuna baino kezka larriagoak baititu Espainiako sektore elektrikoak azken hilabeteetan.
Jose Manuel Soria Espainiako Industria eta Energia ministroak sektore elektrikoaren erreforma prestatu du, eta ez dio atsegin handirik eman industria elektrikoari. Zergak eta tasak iragarri ditu energia ekoizleentzat. Energia nuklearrak, hidraulikoak eta ziklo konbinatuak %4ko zerga bat edukitzea proposatu du. Eolikoei %11koa eta fotovoltaikoei %19koa jarriko diela ere iragarri du. Hidrokarburoei, bestalde, «zentimo berdea» ezarri nahi die.
Baina, gainera, energia nuklearrari eta hidraulikoari tasa bereziak jarri nahi dizkie, aurreko zergen gainean: nuklearrek sortzen duten megawatt-ordu bakoitzeko hamar euro eta hidraulikoek hamabost euro pagatzea nahi du Industria ministroak. Zerga eta tasa horietatik urtean 2.200 milioi euro inguru jasoko lituzke gobernuak, gutxi gorabehera.
Soriak esan du egunotan: ez daudela enpresei mesedeak egiteko. Energia nuklearrak eta hidraulikoak konpentsazio handiegiak jaso dituztela sinetsia dago ministroa. Soriak berak onartu zuen nuklearrei tasak jartzearen konpentsazioa izango zela zentral nuklearren jarduna luzatzea.
Tarifaren defizita dago katramila honen guztiaren azpian. Argindarraren prezioa igo behar ez izateko asmatutako sistema izan zen, nolabait azaltzearren, tarifaren defizita. Elektrizitatea ez da pagatzen kostuen arabera, baizik eta gobernuak araututako eta aldez aurretik zehaztutako prezio batzuen arabera. Sistema horrek enpresa elektrikoei aitortzen die urtero diru galera bat: ustezko kostu errealaren eta gobernuak merkaturako zehaztutako prezioaren arteko diferentzia, alegia.
Urteak joan, urteak etorri, diferentzia hori metatzen joan da. Gaur egun, sistema elektrikoak 24.000 milioi euroko tarifa defizita du, eta horixe du buruhauste handienetako bat Soriak —defizit hori urritzeko erabaki zuen, urtarrilean, energia berriztagarrientzako laguntzak izoztea—. Enpresa elektrikoentzat ere kezka iturri da defizit hori; gainera, beste arrisku bat dakarkie: inoiz zor hori berreskuratuko duten ziurtasunik ez dagoenez, enpresa elektrikoak balioa galtzen ari dira finantza merkatuetan. Moody's agentziak kalifikazioak jaitsi zizkien, ekainean, Iberdrolari eta Endesari, besteak beste. Administrazioa eta enpresak, denak bat datoz horretan, beraz: gutxitu egin behar da tarifaren defizita. Nola lortu? Hor komeriak.
Soriak esan du zor metatu hori ez dutela kontsumitzaileek bakarrik ordainduko: administrazioak bere partea, enpresek berea eta erabiltzaileek berea jarri beharko dutela, alegia —administrazioak, zorrarekin; enpresek, zerga eta tasekin; erabiltzaileek, prezio garestiagoekin—. Baina enpresek ez dute ikuspegi hori onartzeko asmorik. Hortik sortu da gatazka azken hilabeteetan.
Industria ministroak uda aurretik aurkeztu zuen energia sektorearen erreforma; berehala onartzekoa zen, baina gobernu krisi bat eragin du PP barruan. Cristobal Montoro Ogasun ministroak kargu hartu zion udan Soriari, erreforma ez zela egokia esanez. Soriak erantzun zion energia arloko proposamenak egitea bere ministerioari dagokiola, ez Ogasunari. Batengatik eta bestearengatik, eta sektoreko enpresen presio eta lobby lanarengatik, erreformari buruzko eztabaida atzeratzen ari da.
Eta horrela iritsi gara irailera. Erreforma onartu gabe, eta Garoñari buruz erabaki bat hartu behar. Zentral nuklearraren jabeek, 2019 artean lanean jarraitu nahi badute, 120 milioi euroko inbertsioak egin behar dituzte. Baina ez dakite datozen urteetan zein tarifa izango dituzten, ezta zein zerga eta tasa izango dituzten ere. Horrela, ezinezkoa da kalkulatzea Garoñan egin beharreko inbertsioa errentagarri egingo ote zaien. Ez litzateke harritzekoa izango, beraz, 120 milioi horiek gastatzeari uko egitea. Horrela zentzua hartzen du Nuclenorren oharrak: sektoreak duen «ziurgabetasunarekin» ezinezkoa dela inbertsio horiei ekitea.
Sektore elektrikoaren erreformak aurrera egiten badu, sentituko dute enpresa batzuek. Iberdrolak, esaterako, eolikoetan eta hidraulikoetan galerak izango lituzke, baita nuklearretan ere. Bilboko dorre garaienetik laino beltzak ikusten dira. Garoña, ikusmira horretatik, ez da gerra horretako bataila txiki bat baizik Endesa eta Iberdrolarentzat.
Peoia hiltzen utziko dute, erregea salbatzeko? Erronka gogorra jo diote Industria Ministerioari. Garoñaren ustiapena luzatzeko baimena eskatu gabe, nuklearrak galtzeko prest daudela esaten ari zaizkio zeharka; ez dutela luzatzea nahi, zergak handituko badizkie. Industria Ministerioak eta CSNk esan dute: ez da posible baimena eskatzeko epea luzatzea. Atzerako kontua egiten hasi dira bat baino gehiago, baina oraindik ikusiko da PPren gobernuak pultsuari eutsiko dion edo atzenean men egingo duen.
Analisia
Peoia hil, erregea salbatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu