EAJ eta ezkerreko subiranisten koalizioa nolabaiteko berdinketan daude, Eusko Barometroaren datuen arabera: jeltzaleek 22-23 eserleku lortuko lituzkete Eusko Legebiltzarrean, bozak orain egingo balira. Ezker abertzalea bere barruan izango lukeen hautagaitzak, berriz, 19-22. PSE-EEk behera egingo luke, eta PPri esker duen boterea ezerezean geratuko litzateke. Euskal subiranistak unionismoaren ordezkariei nagusituko litzaizkieke ganberan. Datuek nahiko ondo azaltzen dute EAEko errealitate soziopolitikoa. Izan ere, azken hiru urteetan Gasteizen izan dugun gehiengoa artifiziala izan da, ezker abertzalea legez kanpo utzi eta gero sortua.
Azken agintaldia salbuespena izan da. Batek daki noiz arte ez den izango Ajuria Enean lehendakari unionistarik, batez ere mugimendu politiko zibilak hasitako bideari behar bezala eusten badio, alde baten indarkeria politikoa desagertu eta gero. Ez dago atzera egiterik. Legez kanporatzeek ez dute balio, Fernandez Diaz ministroak aitortu duenez. Hori jakinda, PSE-EEk ez du hauteskundeak aurreratzeko asmorik. Suizidio politikoa izango litzateke. Horregatik, saihetsezina ahalik eta gehiena atzeratzen saiatuko da: boterea galtzea. Horrek legebiltzarra gizartearen benetako isla izatea ekarriko luke, ondorio batzuekin: errealitate soziopolitikoa kudeatzeko ekimena beste batzuek izango lukete.
Aldaketa instituzionala izan eta gero, garrantzi handia izango du EAJren anbiguotasun neurtuak. Sozialistak eta popularrak boteretik kanpo egonez gero—eta hori ikusteko dago oraindik, batez ere sozialisten kasuan—, ahaleginak egin beharko dira sentsibilitate politiko horiek akordio baten inguruan biltzeko.
Lopez denbora irabazten saiatuko da, hilaren 8an aurkeztuko duen planaren bidez. Bitartean, PPk PSE-EEri laguntzen segituko du, gogorraren plantak egin arren. Hala ulertu behar dira Basagoitiren adierazpenak Abc egunkarian: «Guk inork baino gogo handiagoa dugu Batasuneko horiek harrapatzeko, baina gauza bat da zer nahi duzun, eta beste bat zer egin daitekeen». Nork esan du zakarkeria Ezker Aldearen eta ezker aldekoen monopolioa dela?
EAJk prest du Ajuria Eneara itzultzeko bidea. Sozialistei ekonomiaren egoera txarra eta ekimen politikorik eza leporatuko die. Bilduri ere gaitasunik eza egotziko dio, koalizioak agintzen duen lekuan, Gipuzkoan. Azpiegiturekin eta, batez ere, gori-gori dagoen zaborra biltzeko atez atekoaren sistemaren gaiarekin. Greenpeacek sistema onena dela esan du, baina hori ez dute kanpainan adieraziko beste zenbaitetan erakunde ekologistaren kezkak errazago ulertzen dituztenek. Koalizioak kontu handiz ibili beharko du gai horren kudeaketan, boto periferikoak galtzea ekar bailezake. Zarautz ez da Hernani. Bi herrietako alkateak Bildukoak dira, baina gehiengo politikoak eta soziologiak desberdinak ditugu.
Polo subiranistak, bestalde, indarrak batzen segitu beharko du, ondo neurtutako aurrerapauso gehiago eskatzen, alde bakarrekoak izan arren —Iñaki Antiguedadek asteon eginiko adierazpenak ildo horretan doaz—, eta jakinda Madrilek ez duela aise amore emango, Sarkozyk bidea erraztu arren. Epe ertainerako inbertsioa izango da, urrats bakoitzak, alde bakarrekoa bada ere, gero eta ageriago utziko baitu estatuaren inpotentzia.
«Herri honek prentsa ez-nazionalista erosten du, baina boto nazionalista ematen du. Eguna helduko da prentsa ez-nazionalista erosi eta boto ez-nazionalista emango duena», esan zion behin Gipuzkoako egunkari bateko zuzendariak EAJko buru bati. Definizioetan ez zen oso fin ibili: herri honek prentsa nazionalista erosi eta erosten segitzen du, baina nazionalista espainiarra; bestalde, sozialistak eta popularrak sostengatzen dituzten boto asko ere nazionalistak dira, baina nazionalista espainiarrak. Botere aldaketa iradokitzen zuen iragarpenean asmatu egin zuen, ilegalizazioei esker. Baina ez dirudi luzerako izango denik.
Darwin eta gu
Urte luzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu