Analisia

Aberatsen ihesa

Ivan Santamaria.
2011ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Eskuineko gobernu batek egin du lehenbiziko urratsa, harritzekoa bada ere. Ondare Zerga berriro indarrean jartzeari buruzko eztabaida hasi zenean, kritikoen artean lerrokatu zen UPN. Azkenean, ordea, inguruko administrazioei aurrea hartu die. Ziur asko, kutxaren egoera makalak behartuta egin du, eta ez uste ideologiko sendo batek bultzatuta. Baina egin du.

UPNren erreforma fiskala—PSNrekin partekatuta — ez da sakona izan, argi dago. Alegia, ez du indarrean dagoen eredu fiskalean ezer irauli, baina hartutako erabakiak interesa badu, batez ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen eztabaidarekin alderatzen badugu.

Ondare zerga berriro ezartzeko uzkur diren alderdiek — PP batez ere, eta EAJ gutxiago— antzeko argudioa errepikatu izan dute. Beste gobernuek ezer erabaki arte itxaron behar dela, presio fiskala pixka bat igota ez daitezela zergapeko aberatsenak haserretu eta ez dezatela alde egin.

Helbide fiskala lekuz aldatzea oso erraza dela ohartarazi du behin eta berriro Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak. Kapital Aldakorreko Inbertsio Sozietateekin (SICAV) gertatu zenaren adibidea erabili ohi du ideiari indarra emateko. SICAV horietara bideratzen dute errenta handienek dirua, ahalik eta zerga gutxien ordaintzeko asmoz. Sozietate horiei zergak igo zitzaizkienean Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik alde egin zuten. Ez da bat bera ere geratu.

Jeltzaleen eta popularren ondorioa da errenta handienak izutzea ez dela komenigarria. Krisiaren aurka ahalegin kolektiboa egin behar dela diote egunero erakunde publiko guztiek. Jakina da langileriak egin dituela honezkero sakrifizio franko: langabezia, soldata hazkunderik ez edo jaitsierak, erosahalmen eskasagoa, BEZaren igoeraren eragin handiena eta beste asko.

Aberatsei poltsikoa ukitzea arriskutsua omen da, ordea, euren ondasunekin ihes egingo dutelako. Argudio hori ontzat joko bagenu, horra hor errenta handienek herrialde honekin duten konpromisoaren maila. Frantzian eta beste herrialde batzuetan zerga gehiago ordaintzeko prest agertu dira aberatsak, demagogia puntu batekin. Hemen ez, eta hala izan ez dadin babes politikoa ere ez zaie faltako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.