Seigarren aldiz hiru urte eskasean, ehunka mila euskal herritarrek greba egin dute Espainiako Gobernuak hartutako neurri murriztaileen aurka. Beste behin argi geratu da Madrilek —eta ez soilik hark— krisiari aurre egiteko neurriak baztertzen dituela gizartearen gehiengoak, atzeraldiaren zuloan sakondu eta eskubideak kentzen dituztelakoan. Haserre egoteko motibo gehiago nahi dituenak bihar bertan izango ditu, Espainiako Gobernuak 2013ko aurrekontu proiektua aurkezten duenean: defizita beste 40.000 milioi euro gutxitu behar du, eta horrek min emango die gehienei.
Grebaren atarian, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak esan zuen aurreko lanuztearen mailara iristeko helburua zuela. Ohiko kopuru gerra nekagarriak gorabehera, martxoaren 29koaren pareko oihartzunik ez dutela lortu aitortu dute antolatzaileek berek. Arrazoi askorengatik. Aurrekoa CCOOk, UGTk eta beste sindikatu batzuek ere antolatu zuten, eta haiek indarra daukaten eskualdeetan izan da atzoko greba txikien. Martxoan, Espainian ere greba izan zen, eta horrek ematen duen indar mediatikoa falta izan zaio oraingoari. Bestalde, martxokoa neurri jakin eta zehatz baten aurkakoa zen—lan merkatuaren erreforma—, eta horrek errazagoa egiten du jendeak posizio bat hartzea. Gainera, greba uztailean erabakitzeak baina irailerako uzteak ez dio laguntzen giroa berotzeari. Bi hilabeteotan greba egiteko argudioak ez dira aldatu, baina zaila da neurriek berehalakoan sortzen duten haserrea eta hari erantzuteko gogoa ez itzaltzea. Berehalakotasunaren munduan bizi gara, 24 orduko informazioarekin, eta sare sozialen bidez protestak di-da batean antolatu ahal izatea mobilizazio moduak aldatzen ari da. Sindikatuek, baina, beren erritmoa dute gauzak erabakitzeko, antolatzeko eta gizarteratzeko.
Krisia gogortu ahala langile askok lanpostua galtzeko inoiz baino beldur handiagoa dutela egia da, baina baita ere egun bateko greben eraginkortasuna zalantzan jartzen dutela askok; batez ere ikusita aurrekoek ez dutela politikaren aldaketarik ekarri. Inplizituki onartu dute hori sindikatuek ere, eta azken egunotanetsipenaren eta pasibotasunaren aurrean herritarrak mugiarazten saiatu dira. Portugaldik laguntza estimagarria heldu zaie: manifestazio handi baten eta beste protesta batzuen ondoren, Pedro Passos Coelho lehen ministroak atzera egin du gizarte segurantzaren kotizazioak %7 handitzeko asmoetan. Greba batek zaila du ezer aldatzea, baina portugesak etxean geratu izan balira orain soldata txikiagoak jasoko zituztela, berriz, ziurra da.
Kasu honetan, ordea, ezin da espero Madrilek erantzutea. Nola entzungo du, milioi bat pasatxo katalanen independentzia eskaerari entzuteko gai ez bada? Sindikatuek, noski, hori badakite, eta, beren eragin esparrua Euskal Herria denez, greba hemengo agintariei eta alderdi politikoei zuzendu diete nabarmen. Madrildik datozenean erraz kritikatzen dituzten neurriak ekintzekin ere baztertzeko eskaera ozenak egin dituzte ELAk eta LABek. «Arlo soziala sekulako aukera da autogobernua edo subiranotasuna edukiz betetzeko», nabarmendu dio Adolfo Muñozek BERRIAk kaleratutako elkarrizketan. «Plantoaren lehen lerroan jarriko den gobernua» eskatu zuen atzo Ainhoa Etxaidek, Eusko Jaurlaritzako agintari berriak buruan zituela. Atzoko greba, ezer baino gehiago, urrats bat da desobedientzia hori sustatzeko.
Greba orokorra. Laburpena. Analisia
Barrurako mezua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu