Betetzen ez dituen promesak egiten trebea da PP. Laburragoa da esatea azken urtean agindutako (ia) guztia ez duela bete zehazki zer promesa hautsi dituen zerrendatzea baino. Eta kurtsoa hasi eta berehala dagoeneko baditugu beste bi: batetik, Mariano Raxoik ziurtatu du 2013an ez duela BEZa gehiago igoko eta errenta zerga ere ez duela ukituko. Bestetik, atzoko ñabardurak gorabehera, Gobernuak ziurtatu du azken finantza erreformak ez diola «kosturik ekarriko zergadunari». Madrilgo gobernuak lehen promesa betetzen duen ala ez jakiteko ez da asko itxaron beharko: urrian Europako Batasunari bigarren erreskatea eskatzen dionean jakingo da argiago zein etxekolan agintzen dizkioten Bruselak eta Berlinek. Promesa hautsi batek gehiagok ez dio alde handirik ekarriko Espainiako presidentearen kapital politiko gero eta higatuagoari.
Banku txarraren kostu ezari buruz, ezinezkoa da orain hori esatea. De Guindosek hamar-hamabost urte eman dizkio Aktiboak Kudeatzeko Agentziari bere garbiketa lana egiteko. Zentzuzko epea dirudi, batez ere oraingo agintarientzat, orduan inor ez delako haiei kontuak eskatzeko moduan. Baina iragarpena hankaz gora jar dezaketen hainbat faktore daude, eta horietako gehienak Espainiako Gobernuaren kontrolpetik kanpo. Nork esan dezake krisiak ez duela beste hamar urte iraungo, edo urte txukun batzuren ondoren beste erorketa basati bat ez dela egongo? Nork esan dezake ekonomiak hobera egin arren etxeen prezioek ez dutela apal jarraituko? Nork ziurta dezake atzerriko inbertitzaileak ausartuko direla beren dirua Espainian arriskatzera? Edo ez dutela beste hamar urtez itxarongo txollo hobeak aurkitzeko? Edo ekonomiak okerrera egitearen poderioz bankuek gero eta aktibo toxiko gehiago ez dituztela jarriko banku txarraren esku?
Errealitateak bizkor asko aldatzen ditu espektatibak, Irlandako kasuak ongi erakusten duenez. Hura da gaur egungo Espainiarekin antz handiena duen herrialdea, etxebizitza burbuila handi baten leherketa jasaten ari delako. Dublinek 2009an sortu zuen bere banku txarra, Nama izenekoa. Eratzean, hamar urteren epean 5.000 milioi euroren irabaziak izango zituela iragarri zion gobernuak iritzi publiko oso eszeptiko bati. Orain, 1.000 milioi euroren etekina da xede berria, nahiz eta Brendan McDonagh buruak aitortu berri duen parean geratzearekin konformatzen dela. Zergatik? Egoera ekonomikoa uste baino txarragoa delako, etxebizitza merkatuak hondoratuta jarraitzen duelako eta saltzerik ez dituen aktiboek balioa galtzen dutelako egunero —2.275 milioi euro dagoeneko—.
Irlandarekin alderatuta, gainera, Espainiak badu problema gehigarri bat: bere aktibo toxikoen kokapena. Irlandan, urbanizazio mamu gehienak Dublin inguruan edo Cork, Galway eta Limerick hirietan daude. Horietako batzuk babes ofizialeko etxebizitza gisa saltzen hasi da Nama, eta horretarako ez zaio eskaririk faltako. Espainiak, berriz, Mediterraneo turistikoan du bilduta bere adreilu soberakina. Eguzkia eta paella gustuko dituzten atzerritar asko beharko ditu horiek gainetik kentzeko.
Ez gaitezen etika kontuei buruz hizketan hasi. Sektore pribatuaren arriskuak Estatuari pasatzeak agian bankuei ez ezik ekonomia osoari ere lagunduko dio. Baina bidegabekeria sozial galanta da langabeentzat, gaixoentzat edo etorkinentzat dirurik ez duela dioen estatu batentzat.
Finantza sektorea. Bosgarren erreforma. Analisia
Beste promesa bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu